EUSKADI.-Lau gizon atxilotu dituzte Trapagaranen (Bizkaia), Aparcavisan kokaturiko enpresa batean lapurtzegatik

Actualizado: martes, 10 marzo 2009 17:37

BILBO, 10 Mar. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek lau gizonezko atxilotu zituzten martxoaren 5ean Trapagaranen (Bizkaia), indarkeriaz egindako lapurretaren delitu bat egotzita. Ustez, susmagarriak Aparcavisan kokatutako enpresa batean sartu ziren lapurtzeko, baina agenteek enpresatik irteten ari zirenean harrapatu zituzten, Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi duenez.

Gertakariak hilaren 5ean jazo ziren, 13:45 aldera, Trapagarango Aparcavisa industrialdean kokatutako enpresa batean. Une horretan, bertatik zihoan Ertzaintzaren patruila batek Aparcavisako enpresetako baten atzeko aldetik (zamalanetako kaitik) irteten ari ziren hiru pertsona ikusi zituen. Halaber, susmagarriak inguruetan aparkatutako auto baterantz (Donostiako matrikuladun Renault 19 bat) zihoazela eta, auto barruan, beste lagun bat zegoela egiaztatu ahal izan zuten ertzainek.

Gertakariak agenteen susmoak piztu zituen eta parte hartzea erabaki zuten. Hortaz, susmagarriak autoan sartu zirela eta tokitik alde egin nahi zutela ikusita, agenteek autoari bidea oztopatu zioten. Maniobra horren aurrean, ustezko lapurrek beren ibilgailua polizia autoaren kontra jo zuten, hura bidetik kentzeko; halere, ez zuten ihes egiterik lortu.

Beste patruila bat heldu zenean, ertzainek susmagarriak identifikatu zituzten: 20, 21, 22 eta 30 urteko lau gizonezko ziren. Gainera, autoa miatu zuten eta bidaiariaren eserlekuaren azpian eurotan diru kopuru bat (billetetan eta txanponetan) zeukan plastikozko poltsa bat aurkitu zuten.

Pixka bat geroago, agenteak enpresan sartu ziren bertako arduradunarekin batera. Hala, bulegoen eremura sartzeko atea palankatxo bat erabilita indarrez zabaldu zutela eta, barruan, tiraderak nahasita zeudela egiaztatu zuten. Enpresaburuak diruz (billete eta txanponetan) betetako poltsa bat baino ez zela falta jakinarazi zuen, eta poltsa horren deskribapenak susmagarrien autoan aurkitutakoarekin bat egiten zuen.

Hori dela eta, lau susmagarriak atxilotu zituzten indarkeriaz egindako lapurretaren delitu bat egotzita, eta polizia egoitza batera eraman zituzten.