EUSKADI.-Lau mutil atxilotu dituzte Usurbilen (Gipuzkoa), haietako hiru adingabeak, saltoki batean lapurtzen saiatzeagatik

Actualizado: miércoles, 18 marzo 2009 14:52

DONOSTIA, 18 Mar. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek lau mutil (hiru adingabe eta 18 urteko gazte bat) atxilotu dituzte gaur goizaldean Usurbilen (Gipuzkoa), saltoki batean egindako lapurreta saiakera baten egileak direlakoan. Susmagarriek kutxeta tapa batekin erakusleihoa hautsi dute, baina eremuan hainbat pertsona zeudenez, alde egin behar izan dute, Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.

Gertakariak 1:00ak aldera jazo dira. Herritar batek 112ra deitu du, zenbait gaztek Usurbilgo saltoki bateko erakusleihoa hautsi berri zutelako. Jarrian hainbat patruila bertaratu eta, tokia begiratu eta lekukoen adierazpenak jaso ostean, eremua miatzen hasi dira. Hala, lekukoek eskainitako ezaugarri fisikoen deskribapenarekin bat egiten zuten lau gazte atzeman dituzte agenteek.

Lau gazteak identifikatu ostean, ertzainek indarkeriaz egindako lapurretaren delitu bat egotzita atxilotu dituzte. Atzemandakoetako batek odol asko zerion ebaki bat zuen esku batean, ustez erakusleihoa apurtzerakoan egindakoa.

Atxilotuak Hernaniko Ertzainetxera eraman dituzte, eta hiru adingabeak euren tutoreen esku jarri dituzte, Adingabeen Fiskaltzari gertatutakoaren berri eman ostean. Bestalde, laugarren atxilotua, adin nagusikoa, Guardiako Epailearen esku utziko dute, dagozkion polizia eginbideak amaitu ostean.