EUSKADI.-Leioako (Bizkaia) San Juan Bautista Abesbatzak Ejeako (Aragoi) XXXIX. Abesbatzen Lehiaketa irabazi du

Actualizado: lunes, 20 abril 2009 14:30

BILBO, 20 Abr. (EUROPA PRESS) -

Leioako (Bizkaia) San Juan Bautista Abesbatzak irabazi du asteburu honetan Ejea de los Caballeroseko (Aragoi) Abesbatzen Lehiaketaren 39. edizioko lehenengo saria. Horrela, abesbatza bizkaitarrak Zaragozako Diputazioak eta CAI aurrezki kutxak emandako 4.000 euro jasoko ditu.

San Juan Bautista korua 1968an sortu zuen Jose Ignacio Sarriak. 40 urteko ibilbidean, abesbatza leioarrak hainbat kontzertu eskaini ditu Euskal Herrian, Espainian eta Europa osoan zehar, eta orkestra eta zuzendari garrantzitsuekin lan egin du. Zenbait grabazio egin eta nazioarteko sari garrantzitsu lortu ditu bere azken etapan, egungo zuzendaria den Basilio Antunezen gidaritzapean.

2008. urtean, San Juan Bautista Abesbatza guztiz berritu eta Leioako Udal Kontserbatorioko parte izatera igaro zen. Gaur egun, Leioa Kantika Korala haurren abesbatzan prestaturiko 25 kantari gaztek osatzen dute taldea.

Horrela, etapa berrian zenbait kontzertu eman ditu eta "Mozart Salzburgon" muntaia sinfonikoan kolaboratu du Naroa Intxausti sopranoarekin eta Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin. 2008ko udan Tarragonako (Katalunia) 'Setmana Cantat' delakoan parte hartu zuen eta atzerrian jaialdietan edo elkartrukeetan parte hartzeko zenbait gonbidapen jaso ditu jada.