EUSKADI.-Lete, Atxaga, Berzaitz edo Borda izango dira bihartik "Literatura eta musika euskaraz" programan Bilboko Arriagan

Actualizado: lunes, 11 enero 2010 13:00

BILBO, 11 Ene. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udaleko Euskara Sailak babestuta eta Arriaga Antzokiaren lankidetzarekin, "Literatura eta musika euskaraz" izeneko programa egingo da antzoki bilbotarreko foyerrean bihar, martxoaren 16an eta maiatzaren 10ean, arratsaldeko 20:00etan. Xabier Lete, Joxan Goikoetxea, Bernardo Atxaga, Juan Carlos Perez, Itxaro Borda eta Pier Paul Berzaitz bezalako euskaltzaleek poesia eta literaturako errezitaldiak eskainiko dituzte, musikarekin lagunduta.

Ekimenaren arduradunek jakinarazi dutenez, bihar, "Literatura eta musika euskaraz" programa hasteko, Xabier Lete idazlea eta Joxan Goikoetxea musikaria bilduko dira. Goikoetxeak lagunduta, Xabier Letek "Egunsentiaren esku izoztuak" liburuko poema batzuk errezitatuko ditu. Liburuak 2009ko Kritika Saria jaso du, eta euskarazko literaturako onenetarikoa dela esan da.

Hurrengo errezitaldia martxoaren 16an emango dute Bernardo Atxagak eta Juan Carlos Perezek. Maiatzaren 10ean, berriz, azken errezitaldia izango da, Itxaro Borda olerkariarekin eta Pier Paul Berzaitz konpositore eta abeslari zuberoarrarekin, Xanet Arozena gitarrista laguntzaile dutela.

Programa honen bidez, euskarazko literaturarik eta musikarik onena eraman nahi da Arriaga Antzokira. Modu horretan, Bilboko Udaleko Euskara Sailak lehen aldiz parte hartuko du Arriaga Antzokiaren "Kuartito" programan. Programaren barnean, kontzertu, errezitaldi, eta "merienda musikalak" eskaintzen dira, baita "Literatura eta musika euskaraz" programa ere, Arriaga Antzokiko foyerrean.

Euskarazko errezitaldi horietarako sarrerak dagoeneko salgai daude hamar euroren truke Arriaga Antzokiko txartel-leihatiletan, www.teatroarriaga.com web-orrialdean, 944 310 310 telefonoan eta BBKren orotarako kutxazainetan.