EUSKADI.-Martha Wainwright kantari kanadarrak kontzertua emango du ekainaren 18an Zarauzko (Gipuzkoa) Gaztelekuan

Actualizado: viernes, 5 junio 2009 18:41

DONOSTIA, 5 Jun. (EUROPA PRESS) -

Martha Wainwright folk eta pop abeslari kanadarraren kontzertua izango da ekainaren 18an Zarauzko (Gipuzkoa) Gaztelekuan. Emanaldia Gaztemaniak'09 programaren baitan dago eta 20:00etan hasiko da, antolatzaileek jakinarazi dutenez.

Martha Wainwright Montrealen jaio zen 1976an. Talentu ukaezina du, eta batzuetan xuxurlatu egiten duen ahotsa du, eta beste batzuetan, berriz, ikaragarria. Hala, gero eta kalitate handiagoa ari da lortzen argitaratzen duen disko bakoitzean.

Wainwrigh tartisten alaba, iloba eta arreba da. Bere amak eta izebak Kate & Anna McGarrigle bikote ezaguna osatu zuten; aita, berriz, Loudon Wainwright III abeslaria eta konpositorea da; eta bere neba Rufus Wainwright da, egungo musikaren printzeetako bat.

Musika txikitatik abestu eta ikasi du, eta garaiz hasi zen familiako ibilbide musikaletan parte hartzen. Beste hainbaten artean, bere neba Rufusen abeslaria da, eta haren biretan ere hartzen du parte. Hala ere, hori guztia aldatu egin zen bere lehenengo diskoa argitaratzean: "Martha Wainwright" (2004). Harrezkero, nabarmentzen hasi da talentudun eta baliabidedun artista gisa, eta kritikarien arabera, "folk musikaren bitxia" da.

Bigarren diskoa kaleratzean ("I know you're married but I've got feelings too", 2008an), Marthak "ahoa bete hortz" utzi ditu guztiak. Bere ahots dantzaria goxotasunaren eta indarraren artean mugitzen da eta haren konposizio guztiei ukitu malenkoniatsu arraro bat ematen die.