EUSKADI.-Matematikako 46. Olinpiadaren eskualde mailako fasea jokatuko da bihar EHUko Leioako campusean (Bizkaia)

Actualizado: jueves, 14 enero 2010 13:17

BILBO, 14 Ene. (EUROPA PRESS) -

Matematikako 46. Olinpiadaren lehenengo fasea -eskualde mailakoa- jokatuko da bihar Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Zientzia eta Teknologia Fakultatean, Leioako campusean (Bizkaia), goizeko 9:30etatik aurrera. Matematikako Olinpiada Espainiako Matematika Elkarteak antolatzen du, EHUko Matematikako irakasleen laguntzarekin. Olinpiadako lehen fase honetan 2009-10 ikasturtean Batxilergoan matrikulaturik dauden Euskal Autonomia Erkidegoko ikasle guztiek parte har dezakete.

EHUko iturriek gaur jakinarazi dutenez, fase honetan lehiakideek hiru problema ebatzi behar izango dituzte goizean (9:30etatik aurrera) eta beste hiru arratsaldean (15:00etatik aurrera). Saio bakoitzean hiru ordu izango dituzte hiru problemak ebazteko. Frogak euskaraz edo gaztelaniaz egin daitezke, eta idazteko eta marrazteko tresnak baino ezin dira erabili, hau da, kalkulagailuak, liburuak, taulak eta bestelako dokumentuak debekatuta daude.

Lehen postua lortuko duenak 380 euro jasoko ditu sari, bigarrenak 285 eta hirugarrenak 220. Gainera, hiru irabazleok bigarren fasera (estatu mailakora) igaroko dira. Valladoliden izango da fase hori, martxoaren 25tik 28ra bitartean. Bigarren fase horretan lehenengo sei sailkatuei urrezko domina eta 750na euro emango dizkiete, eta gainera nazioarteko talde olinpikora pasatuko dira, Nazioarteko 51. Matematikako Olinpiadan lehiatzeko, uztailean Kazajstanen.

EHUk, ohi bezala, Olinpiada prestatzeko tailer bat antolatu du. (http://www.ehu.es/olimpiadamat/). 2009an, Josue Tonelli, tailerrean parte hartu zuen ikasle bat, lehena izan zen Matematikako Olinpiadaren eskualde fasean eta brontzezko domina lortu zuen estatu mailako fasean. Horrez gain, zilarrezko domina eskuratu zuen Espainiako Fisikako 20. Olinpiadan, baita urrezko domina Fisikako XIV. Olinpiada Iberoamerikarrean ere.