EUSKADI.-Mikel Laboari omenaldia eta Itoizen kantuen bertsio sinfonikoak nabarmentzen dira Donostiako Musika Hamabostaldian

Actualizado: lunes, 15 junio 2009 14:08

DONOSTIA, 15 Jun. (EUROPA PRESS) -

Abuzturen 4an hasi eta irailaren 5era bitartean ia ehun ekitaldi izango dira Donostiako Musika Hamabostaldia, 13 ziklotan banatuta. Daniel Barenboim, John Eliot Gardiner, Maria Joao Pires eta musika klasikoko beste hainbat izar handik eskainiko dituzten kontzertuekin batera, euskal musikako bi izen handi omendu nahi izan ditu: Mikel Laboa kantaria eta Itoiz musika taldea.

Abuztuaren 8an Mikel Laboaren txanda izango da, omenaldia egingo dio-eta Hamabostaldiak. Musika jaialdiaren eta kantariaren arteko harremana sakona izan zen: 1999ko edizioan Euskal Herriko Gazte Orkestrarekin eta Donostiako Orfeoiarekin kontzertua eman zuen Laboak; aski kontzertu berezia izan zen, eta adiskidetasun handi baten ernamuina. Horregatik antolatu du Hamabostaldiak kantaria oroitarazteko omenaldia.

Egun osoko jardunaldia izango da, erakusketa bat eta mahai-inguru bat egingo dira, eta iluntzean, Victoria Eugenia Antzokian, "Laboaren Mundua" ikuskizuna eskainiko da. Josetxo Silguerok zuzendutako kontzertuan, Iñaki Salvador, Bernardo Atxaga eta Ruper Ordorika oholtza gainean elkartuko dira.

Bestalde, Itoizen musika abuztuaren 25ean entzungo da Hamabostaldian, "Itoiz Suite" aurkeztuko baita Victoria Eugenia Antzokian. Banda ezagunak 1970eko eta 1980ko hamarkadetan ospetsu egindako kantuak berridatzi ditu Juan Carlos Perez taldeko liderrak bertsio sinfonikoan, eta Bilboko Orkestra Sinfonikoak interpretatuko ditu kontzertu berezi honetan.

DONOSTIATIK AT

Ohikoa denez, jaialdia ez da Donostiara mugatuko. "Musika Aitzaki" zikloaren barruan hainbat kontzertu egingo dira inguruko hainbat udalerritan ere. Aurten, bereziki, aparteko lekua hartu du egitarauan Lapurdiko kostak; "1900-1936: Abangoardia aroa" da aurtengo Hamabostaldiko ardatzetako bat, XX. mende hasieran Donostia-Biarritz eremuan izan zen kultur loraldia gogora ekarri nahi duen proposamena, eta, horri lotuta, Lapurdiko hainbat udalerritan egingo diren kontzertuek esanahi aski berezia izango dute. Zehazki, Ziburu, Biarritz eta Kanbora egingo du Hamabostaldiak.

Halaber, kontzertuak eskainiko ditu Mutriku, Zumaia, Errenteria eta Hondarribian. Hain justu, "Hormen arteko oihartzunak" ikuskizunaren erabateko estreinaldia egingo da abuztuaren 28an Hondarribiko Jostaldi pilotalekuan; Gorka Alda konpositorearen musika ardatz hartuta, proposamen bitxia izango da, berritzailea, zesta-punta, musika eta dantza uztartuko dituena. Bi pilotari, sei dantzari eta lau saxofoilari ariko dira batera. Organo Zikloaren bidez ere Donostiatik at irtengo da jaialdia; kontzertuak eskainiko dira Usurbilen eta Azkoitian ere.

Neska-mutilentzat beren-beregi antolatutako ikuskizunak ere urtero eskaintzen ditu Musika Hamabostaldiak. Aurten, abuztuaren 19an izango dira emanaldi horiek. Victoria Eugenia antzokian, "La Pequeña Flauta Magica" eskainiko da, Bartzelonako Gran Tetre del Liceuk egindako ekoizpena, Mozarten "Xirula Magikoa" operan oinarrituz Comediants konpainiak sortutakoa. Antzokiko Klub Aretoan, berriz, "Ehunzango baten ipuinak" eskainiko dute, antzerki lan baten bidez haurrak musikara hurbiltzen dituen ikuskizuna.

"Musika Bai!" udalekuak ere egingo dira Hamabostaldiaren barruan, abuztuaren 17an hasi eta 29a bitartean. Udaleku hauetan parte hartzen ari diren haur eta gaztetxoek emanaldi bat eskainiko dute abuztuaren 19an Okendo plazan.