EUSKADI.-Mondragon Unibertsitatea da Euskal Autonomia Erkidegoan Berdintasun Plana garatu duen lehenengo unibertsitatea

Actualizado: miércoles, 3 junio 2009 15:32

DONOSTIA, 3 Jun. (EUROPA PRESS) -

Mondragon Unibertsitateko Enpresa Zientzien Fakultateak Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasun Plana garatu du, eta orain, ekintza plana ari da lantzen. Modu honetan, Mondragon Unibertsitatea da Euskal Autonomia Erkidegoko lehenengo goi-mailako zentroa Berdintasun Plana abian jartzen. Unibertsitateko arduradunen esanetan, "oso garrantzitsua da berdintasunean heztea unibertsitatean prestatzen ari garen gizon-emakumeak, gure enpresetako eta kooperatibetako buru izango direlako".

Ildo horretan, proiektua abian jartzeko, Berdintasun Taldea eratu dute. Taldea Enpresa Zientzietako bederatzi lagunek osatu dute eta beraiek gainbegiratzen dute prozesu guztia. Taldeko koordinatzailea Eunate Elio da.

Eliok azaldu duenez, ekimena fase ezberdinak izango ditu. Hasteko, egoeraren diagnosia egin da, eta horretarako, aldagai kuantitatiboak eta kualitatiboak aztertu dira, hau da, nola ulertzen duten berdintasuna langileek eta ikasleek. Jarraian, emaitzak aztertu eta hobetu beharreko arloak zehaztu dira ekintza planean, eta azkenik, prozesuaren hirugarren fasean, berdintasunerako neurriak ezarriko dira.

Mondragon Unibertsitateko Enpresa Zientzietako Fakultatean langileen %50ek hartu du parte prozesuan. Eulate Eliok azpimarratu duen bezala, "parte hartzea handia izan da eta era askotara gauzatu da". "Batzuk berdintasun taldean egon dira, beste batzuk eztabaida taldeetan aritu dira, eta azkenik aurkezpenetan-eta egon direnak ere badira", gaineratu du.

2008ko amaieran, diagnosia egin eta ekintza-plana zehaztu zen. Diagnostikoan, hobetu beharreko lau arlo daude eta ekintza planeko neurriak aipatutako lau arloetan oinarritzen dira. Hona hemen arloak: berdintasunari buruzko sentsibilizazioa eta prestakuntza, bizitza pertsonala, familiakoa eta lanekoa bateratzea, emakumea kudeaketa-organoetan egotea sustatzea eta hizkuntza ez-sexista erabiltzea.

Horrela, zentroak 2009-2011 Ekintza Plana diseinatu eta arlo bakoitzarentzako neurriak ezartzen hasiko da. Ezarri beharreko ekintzen artean, nabarmentzekoak dira langileak eta ikasleak genero berdintasunean prestatzea, emakumeek kooperatibetan duten parte hartzea ikertzea eta hizkuntza ez-sexistaren erabilera sustatzea gelan eta ikas-materialean.