EUSKADI.-Mondragon Unibertsitateak 400 gazte bildu ditu Irungo (Gipuzkoa) Ficoban ekintzailetza sustatzeko

Actualizado: jueves, 30 abril 2009 17:48

DONOSTIA, 30 Abr. (EUROPA PRESS) -

Mondragon Unibertsitateak (MU) batxilergoko bigarren ikasturteko 400 gazte inguru bildu ditu gaur Irungo Ficoba erakustazokan antolaturiko ekitaldi handi batean, ekintzailetza gazteenen artean sustatzeko eta beren proiektuak abian jarriz beren etorkizuna lantzen erakusteko helburuarekin.

"Ametsen ekaitza" edo "Ametsak egi bihurtzen dira" izena eman zaio ekimenari, eta jarrera proaktibo jakin batzuk sustatuz gero norbere proiektua egi bihurtzea edo norbere enpresa sortzea posible dela erakutsi nahi zaie gazteenei. Azken finean, gazteak beren etorkizunaren inguruan gogoeta egitera animatu nahi izan ditu topaketa interaktiboak, MUko arduradunek azaldu dutenez.

Horretarako, berrikuntzaren eta ekintzailetzaren gaian nazioarteko aditurik handienaren esperientzia izan da jardunaldian, Team Academy-rena, alegia. Jyväskyläko Zientzia Aplikatuen Unibertsitateko ekintzailetzako unitate berezia da Team Academy, eta ekintzailetza sustatzeko metodologia zehatzak erabiltzen ditu: taldeko lana eta eginez ikastea.

Ekitaldia Bidasoa Activa elkarteak Irungo Ficoban antolaturiko Ekintzailetzaren eta Berrikuntzaren Azokaren barruan egin da. Ekitaldi horrek arrakasta handia izan du Finlandian, eta dagoeneko bederatzigarren edizioa egingo dute bertan.