EUSKADI.-Mondragon Unibertsitateak eta Gipuzkoako Merkataritza Ganberak Executive MBA Masterra jarriko dute abian Donostian

Actualizado: martes, 26 mayo 2009 14:04

Urrian hasiko da eta profesionalen gaitasuna garatzea du helburutzat, enpresa-kudeaketa "eraginkorragoa" izan dadin


DONOSTIA, 26 May. (EUROPA PRESS) -

Mondragon Unibertsitateak eta Gipuzkoako Merkataritza Ganberak urritik aurrera Executive MBA Masterra abian jartzeko hitzarmena sinatu dute gaur. Masterra profesionalentzat eta zuzendarientzat da, eta unibertsitateen eta negozio-eskolen graduondokorik preziatuena da. Donostian emango da, 2009/2010 ikasturtean hasita.

Hitzarmenaren sinatzaileen arabera, bi erakundeek "esperientzia handia" dute profesionalak eta zuzendariak prestatzen eta, berriro ere, bat egin dute Gipuzkoako "enpresa-arloa indartzeko apustu estrategiko honetan, lanean dauden profesionalak prestatuko baitituzte".

Masterraren helburua profesionalen gaitasunak garatzea da, enpresa-kudeaketa "eraginkorragoa" izan dadin. Horrezaz gain, gaur egungo krisi ekonomikoari aurre egiteko tresnak ere emango zaizkie, bestelako ikuspegiak eta ezagutzak landuko dituzte-eta.

Izan ere, graduondoko programaren helburuak dira enpresen eta enpresen kudeaketarako arlo nagusien osoko ikuspegia ematea partaideei; berrikuntza eta aldaketa bultzatzea jarrera pertsonal eta profesional gisa; eta buruzagitza-ahalmena garatzea, horretarako behar diren trebetasunekin eta gaitasunekin, enpresa-proiektuak aurrera eramateko ezinbestekoak diren aldetik. Laburbilduz, profesionalen artean berrikuntza eta ekintzailetza sustatzea da helburua.

KRISIARI AURRE EGIN

MBA Executive Masterrak jarraipena izango du eta, beraz, edukiak unean uneko beharretara egokituko dira. Gaur egun, krisi ekonomiak aldatu egin du enpresen jarduera-ingurua, eta, hori dela eta, enpresetako arduradunek, inoiz baino gehiago, zalantza eta aldaketa ekonomiko ugariko egoeran aritu behar dute. Gainera, testuingurua "guztiz lehiakorra da".

Horregatik, zuzendariek buruzagitzarako gaitasun handia behar dute, taldeak proposatutako helburuetara bideratzeko. Ildo horretatik, gaitasun analitikoa behar dute, egoera konplexuei erantzuna emateko. "Ezinbestekoa dute komunikatzeko gaitasuna eta osoko ikuspegia izatea, zuzendaritza-jarduera garatzeko ezagutzak eraginkortasunez, sormenez eta gizarte-erantzukizunez erabiltzeko", azaldu dute.

Hain zuzen ere, Executive MBA Masterra horretara dago bideratuta, hau da, partaideak "eraginkor aritzea bilatzen du, bai inguru honetan, bai bestelakoetan, ingurua oso zaila, zalantzaz betea eta guztiz aldakorra delako".

PROGRAMA

Programaren zuzendaritza eta tutoretza akademikoa Mondragon Unibertsitateak izango ditu. Izan ere, hamar urte baino gehiagoko esperientzia du graduondoko prestakuntzan eta 20 titulu eskaintzen ditu. Esate baterako, iaz 454 ikasle aritu ziren unibertsitatearen graduondokoetan eta hirugarren zikloan. Bestalde, Gipuzkoako Merkataritza Ganberak esperientzia handia du zuzendariak prestatzen. Iaz, 700 zuzendari izan zituzten prestakuntza-programetan.

Ildo horretan, diziplina anitzeko irakasle-taldea izango dute: unibertsitateko irakasleak, aholkulari adituak eta enpresa-arloa gertutik ezagutzen duten esperientzia handiko enpresariak. Bestalde, metodologia elkarreragilea erabiliko dute, ikasleen partaidetza bultzatuko baita, protagonistak izan daitezen. Proiektuak banaka eta taldeka landuko dira, partaideen artean lankidetza eta bateratze-lana sustatzeko.

Masterrean 20 profesionalek parte hartu ahal izango dute, unibertsitate tituludunak eta, gutxienez, bost urteko esperientziadunak. Masterrak lau atal nagusi izango ditu guztira. Lehen atala, "Inguruaren eta Enpresaren Azterketa" izango da eta estrategia, marketin, finantza, giza baliabide eta eragiketen arloak aztertuko dira.

Bigarren atala "Zuzendaritzarako eta Buruzagitzarako Trebetasunak" deiturikoa da. Bertan, hiru eguneko bi egonaldi antolatuko dira, etorkizuneko buruzagiek izan behar dituzten gaitasunak jorratzeko. Hirugarrenik "Nazioarteko Testuingurua"; partaideek aukera izango dute astebeterako hazten ari den herrialde batera joateko, bertako errealitatea ezagutzeko, eta horrela, prestakuntza eta enpresa-esperientzietako ezagutzak bateratuko dituzte.

Azkenik, laugarren atala "Master Amaierako Proiektua" da. Partaideak erabili eta finkatu egin beharko du aurreko faseetan ikasitakoa. Bakoitzak bere proiektua aurkeztu beharko du, banaka, eta irakasle baten tutoretza izango du. Ikasleak aurkeztu eta defenditu egin beharko du proiektua.

Masterra Gipuzkoako Merkataritza Ganberaren egoitzan emango da, Donostian, ostiral arratsaldetan (15:30etatik 20:30etara) eta larunbat goizetan (9:00etatik 14:00etara), eta 2009ko urriaren 16an hasi eta 2010eko ekainaren 26an amaituko da. Master Amaierako Proiektuak abenduan defendituko dituzte. Masterrak 12.750 euroko kostua da.