EUSKADI.-Mutil bat atxilotu dute Donostian edukiontzi bat erretzeagatik eta ibilgailu batean kalteak eragiteagatik

Actualizado: martes, 3 marzo 2009 15:22

DONOSTIA, 3 Mar. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek, 18 urteko gazte bat atxilotu dute gaur goizaldean Donostian, Bera Bera auzoko zabor-edukiontzi bat erretzea egotzita. Suak eragindako beroaren ondorioz, inguruetan aparkatutako ibilgailu batek kalteak izan ditu. Halaber, gertakarietan parte hartu omen duten beste bost gazteri kalte delitu bat egotziko diete, Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.

Gertakariak 2:00ak jotzeko minutu gutxi falta zirenean jazo dira Donostiako Bera Bera auzoan. Zenbait auzokidek Ertzaintza ohartarazi dute, gazte batzuk zabor-ontzi batzuei su eman zietelako eta aparkatutako hainbat ibilgailu erretzeko arriskuan zeudelako. Suhiltzaileak bertaratu dira eta sutea itzali duten arren, beroaren eraginez, aparkatutako Volvo batek kalteak izan ditu.

Gertakarien tokira joandako Ertzaintzako patruilek gazte susmagarri bat ezkutatuta aurkitu dute eta, nahiz eta gelditzeko agindua eman, gizonezkoa korrika hasi da; halere, metro gutxira atzeman eta atxilotu dute.

Atxilotutako 18 urteko gizonezkoari (poltsikoan metxero bat zeraman) agintaritzaren agenteei egindako desobedientzia larriko ustezko delitu bat eta kalte delitu bat egotzi dizkiote. Halaber, bost gizonezko gehiagoren partaidetza ikertzen ari dira orain, hauek aurkitzeko eta gertakariok egozteko.