EUSKADI.-New Mood Trio arituko da bihar Donostiako 44. Heineken Jazzaldiko tokiko taldeen hautaketa prozesuaren barruan

Actualizado: lunes, 2 marzo 2009 12:36

DONOSTIA, 2 Mar. (EUROPA PRESS) -

New Mood Trio taldeak kontzertua eskainiko du bihar, 20:30etan hasita, Branka tabernan, Donostiako 44. Heineken Jazzaldiko tokiko taldeen hautaketa prozesuaren baitan. Sarrera dohainik izango da, antolatzaileek prentsa ohar baztean gaur jakinarazi dutenez.

Javier Lopez Jasok (eskusoinua), Marcelo Escrichek (kontrabaxua) eta Tommy Caggianik (bateria) osatzen dute New Mood Trio. Hainbat estilo uztartzen dituzte eta entzuleei proposamen guztiz orijinala eskaintzen diete. Hirukoak Espainiako hainbat klub eta jaialditan eman ditu kontzertuak eta Madrilgo Canal Fundazioaren "Audiciones 2008" lehiaketa irabazi zuen. Hiru kideak Nafarroako Goi Kontserbatorioko irakasleak dira.

Oso doinu eta erritmo desberdinak lantzen dituzte: tangoa, frantses musette-a, musika klasikoa, filmetako soinu-bandak, bluesa eta jazza, guztiak ikuspegi berritzaile batetik eta inprobisazioari dagokion lekua utzirik, beti ere.

Javier Lopez Jaso Iruñean jaio zen eta Pablo Sarasate Musikako Goi Kontserbatorioan egin zituen eskusoinu ikasketak. Soinujole gazteen zenbait sariketa eta, 1995ean, Gipuzkoako Eskusoinu Lehiaketa irabazi ondoren, 1997an, sari berezia eman zioten munduko sariketa garrantzitsuenetako batean, Klingentaleko (Alemania) Nazioarteko Eskusoinu Lehiaketan, hain zuzen ere.

Kontzertu asko eman ditu bakarlari gisa, besteak beste, Espainian, Frantzian, Alemanian, Suedian, Kuban, Marokon, Turkian, Erresuma Batuan eta Italian, eta ganbera orkestrekin eta orkestra sinfonikoekin ere egin ditu bakarlari lanak.

Bestalde, Marcelo Escrichek esperientzia luzea du hainbat generotan: tangoa, jazza, Brasilgo musika, Kubakoa, flamenkoa eta Uruguayko candombea. Escrichen egungo proiektuen artean aipatzekoak dira Anonim Sound, konposizio propioak eta pieza herrikoien tratamendu intimistak lantzen dituen hirukoa; Deyavi, beste hiruko bat, non berak egindako instrumentu bat jotzen duen, 'guitar-bass' deitua; Iñaki Askunze Quartet, Luis Gimenez gitarran eta Felix Morales baterian dituela; eta Pirineos Jazz Orchestra Didáctica, kontzertu didaktikoak ematen dituena.

Azkenik, Tommy Caggiani jazzeko bateriako irakaslea da Iruñeko Pablo Sarasate Musikako Goi Kontserbatorioan. Jazzean, musika klasikoan eta etnikoan prestatu da bereziki, eta AEBetan eta Hego Amerikan sakondu zituen ikasketak. Behin Europara itzuli ondoren, perkusioa ikasten jarraitu zuen irakasle afrikar, indiar eta hegoamerikarrekin. Maroko eta Brasilgo taldeekin jo zuen eta lankide izan zen musika jazz-arabiarreko proiektu frantses-italiar batean. Italiako jazzlari onenekin egin ditu laguntza lanak.