EUSKADI.-Ohorezko euskaltzain berriek diplomak jaso dituzte

Actualizado: viernes, 26 febrero 2010 17:59

BILBO, 26 Feb. (EUROPA PRESS) -

Euskaltzaindiak izendatu berri dituen ohorezko euskaltzainei diplomak eman dizkie gaur. Akademiaren Bilboko egoitzan egin den ekitaldian zortzi ohorezko euskaltzain izan dira eta "euskararen aldeko merezimendu bikainak" aitortzen dituen Euskaltzaindiaren diploma bana jaso dute.

Andres Urrutia euskaltzainburuaren hitzetan, "askotarikoak dira zuen eginak, hitzetan nahiz ekintzetan, euskalgintzaren esparruan. Horiek eskertu nahi ditu Euskaltzaindiak ekitaldi honekin eta bide batez, zuen presentzia baliatu zor zaizuen ohorezko izate hori nabarmentzeko eta azpimarratzeko gizartearen aurrean".

Urrutiaren esanetan, "Euskal Herri osoa dago hemen ordezkatuta zuen bitartez. Hartara, Euskaltzaindiak gogoratu nahi du herri hau hizkuntza eta kultura baten jabea dela, eta zer esanik ez, guztiok garela hizkuntza eta kultura horren partaide eta eragileak".

Ondoren, ohorezko euskaltzain berrien ezaugarri bat azpimarratu du Akademiako buruak, "eragile" direla, alegia. "Hala -esan du- erakutsi duzue, eragin handikoak zaretelako euskal kulturan eta eragin luzekoak nahi zaituztegulako Euskaltzaindian eta euskal munduan".

Orotara, 11 ohorezko euskaltzain berri izendatu zituen Akademiak, urtarrilaren 29an Donostian eginiko osoko batzarrean: Pakita Arregi, Gorka Aulestia, Joxe Azurmendi, Luis Baraiazarra, Erramun Baxok, Martzel Etchehandy, Ana Maria Etxaide, Joshua Fishman, Jose Angel Irigarai, Joxemari Iriondo eta Xabier Lete.

Fishman, Iriondo eta Lete ekitaldian izaterik ez dute izan. Beste guztiek hitz batzuk esan dituzte, eskerrak emanez eta beren poza adieraziz.