EUSKADI.-Ondarroako (Bizkaia) eguneko zentroko lanak 2011ko udarako amaituta egongo dira

Actualizado: martes, 16 febrero 2010 14:19

BILBO, 16 Feb. (EUROPA PRESS) -

Ondarroako (Bizkaia) adinekoentzako eguneko zentroa, ezintasun psikikoa dutenenentzako egoitza eta Udalaren Gizarte Zerbitzua prest egongo dira 2011. urteko udarako. Izan ere, Bideak-Bizkaiko Bideak S.A. erakundeak lanak egiteko eta ekipamendua jartzeko esleipena egin du Eguzki Eraikuntzak S.L. enpresaren alde. Lanen esleipena 2.958.582,84 eurorengatik egin da (BEZ barne), eta 15 hilabeteko burutzeko epea du, lanak hilabete honetan bertan ere hasi ahal izango direlarik.

Hiru zerbitzu berri hauek antzinako Guardia Zibilaren kuartelean egokituko dira, San Ignazio kalean. Eraikina Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilbao Bizkaia Kutxaren jabegokoa da, baina finantza-erakundeak foru erakundeari beheko solairuaren erabilera lagako dio zehaztu gabeko denbora baterako, Ondarroako Udaletik azaldu dutenez.

Aldundiak eraikina egokitzeko beharrezkoak diren lanak egiteko konpromisoa hartu zuen, eta baita lanak kontratatzeko eta altzari eta ekipamenduetarako tresnak erosteko gastuak bere gain hartzeko ere. Beraz, Diputazioak Udalarekin adostutako hitzarmen baten bitartez 2.390.762 euro emango ditu adinekoentzako eguneko zentroa eta ezintasun psikikoa duten pertsonentzako egoitza egiteko eta, beste alde batetik, Udalak Gizarte Zerbitzuak hartzeko bulegoaren lanak bere gain hartuko ditu, 265.640,28 eurorekin, hain zuzen ere.

Eraikinak dituen aukerak ikusteko egin den aurre-azterketa batek barruko horma guztiak botatzeko beharra aurreikusten du, kanpokoak dauden ezaugarriekin mantendu behar diren bitartean, duten balio historikoagatik. Horrez gain, eraikinaren atzealdean dagoen orubea aparkaleku moduan erabiliko da.

Eraikuntza berriak 1.800 metro koadro inguru izango ditu, horietatik 300 eguneko zentroarentzat, 140 Udalaren Gizarte Zerbitzuentzat (hauek udaletxearen beheko aldea utziko dute) eta gainontzeko 1.300 metro koadroak ezintasun psikikoa duten pertsonentzako egoitzarentzat.

Eguneko zentroak 25 lagunentzako lekua izango du, integraziokoak eta psikogeriatrikoak, eta bertan kokatuko dira bi egongela, jantokia, bi komun, bi bainugela, arropa gordetzeko gela, langileentzako aldagela, medikuarentzako eta osaketak egiteko gela, zuzendariarentzako gela bere batzar-gelarekin, gela teknikoak eta biltegia.

Bestalde, egoitzak ere 25 pertsonentzako lekua izango du, sei gela bikoitz eta 13 bakoitietan. Horiez gain, hamar komun izango dira (gelekin lotuta), bi egongela, erlaxazio gela, zuzendariarentzako gela bere batzar-gelarekin, bi jantoki, sukaldea eta biltegiak, garbi-gela, langileentzako aldagela, komunak eta biltegi desberdinak.

Gizarte Zerbitzuetako bulegoak, jendearentzako harrera lekuaz gain, harrera zuzeneko lau box izango ditu, arloko zinegotziarentzako bulegoa, bilera-gela, artxiboak, komunak, 40 lagun hartzeko moduko aretoa eta gela teknikoak.