EUSKADI.-Ondarroako (Bizkaia) Musika Eskolak Udaleku Musikalak eskainiko ditu uda honetan

Actualizado: lunes, 25 mayo 2009 16:21

BIILBO, 25 May. (EUROPA PRESS) -

Ondarroako (Bizkaia) Pedro Mari Unanue Musika Eskolak Udaleku Musikaletan ikasle moduan parte hartzeko matrikulazio epea zabaldu du. Ekainaren 1etik 19ra bitartean eman ahal izango da izena eta ikasle bakoitzak 115 euro ordaindu beharko ditu. Uztailean egingo diren udaleku musikalekin gozatzeko aukera ematea da ekimenaren helburua, Ondarroako Udaletik adierazi dutenez.

Bi aste izango dira jolasean haurrek gehien atsegin dituzten ekimenekin gozatuz: jolastu, abestu, musika tresnak jo, dantza egin, marraztu, margotu, musika tresnak sortu eta abar. Musikaren munduan murgiltzeko metodologia aktibo, praktiko eta dibertigarria erabiliko da.

Egingo den lana parte-hartzailea izango da, elkarlana eta taldekako lana bultzatuko duena, eta zenbait balore garrantzitsu erakutsiz, hala nola errespetua, tolerantzia, integrazioa, sozializazioa, komunikazioa, norberarekiko eta inguruarekiko armonia, kontzentrazioa, kemena edo sormena. Errepertorioa zabala izango da, musika eta kontzertu didaktiko batekin, soinketa eta animazioarekin, abestuz, eta dantza eta koreografiarekin.

Udalekuak Pedro Mari Unanue Musika Eskolan bertan egingo dira, uztailaren 6tik 17ra bitartean, 9:30etatik 13:30etara, astelehenetik ostiralera. Ekimen guztiei amaiera emateko ikasleek ikastaroan ikasitako guztia gurasoei erakusteko balioko duen kontzertua egingo dute.