EUSKADI.-Ondarroako Udalak (Bizkaia) Aieriko Plan Berezia onartu du, 480 etxebizitza sustatzeko

Actualizado: lunes, 20 abril 2009 14:20

BILBO, 20 Abr. (EUROPA PRESS) -

Ondarroako Udaleko (Bizkaia) Kudeaketa Batzordeak, gaur egindako osoko bilkuran, Aieriko Plan Bereziaren hasierako onespena egin du, 480 etxebizitza egiteaz gain, bertako ingurumen berreskurapena egiteko. Egitasmoak lehentasuna ematen dio babestutako etxebizitzei, eta guztiaren %88,15 babes publikoko etxebizitzak izatea aurreikusten da. Hain zuzen ere, %21,69 Erregimen Bereziko eta Orokorreko Babesekoak izango dira, eta %66,46 Tasatutako Autonomi edo Udal Babesekoak.

Ondarroako Udaletik azaoldu dutenez, Aierin aurreikusten den hiri antolamenduak aukera emango du udaleko eta lurraldeko planeamenduak bateratzeko, hirigintza zein ingurumenaren aldeetatik. Horrela, Aieri inguruko hirigintza parte-hartzeak espazioaren zati nagusia libre uzten du aisiarako lekuentzako.

Honenbestez, Aieriko 13 hektareatatik, etxebizitzek %11,8 baino ez dute beteko, hau da, 14.770 metro koadro; %6,30 komunikazioetara, ekipamenduetara eta zerbitzuetarako dira; eta gainontzeko 110.135 metro koadroak, %82,62a, gune libre eta paduraren ingururako.

Etxebizitzak itsasadarraren eskumako aldean eraikiko dira eta eraikinen kokapenaren ondorioz bi enparantza publiko sortuko dira. Erdialdeko bidearen hegoaldean dauden etxebizitzek merkataritzako ekipamendua izango dute. Biribilgune bat eraikiko da errepidearekin lotzeko eta Aieri eta ibaiaren ezkerraldearen artean loturako pasabide bat egitea ere aurreikusten da.

Babes publikoko etxebizitza hauek Ondarroan prezio onean etxeak erosteko dagoen beharrizanari aurre egiteko balioko dute. 1986tik Ondarroak etengabe galdu ditu biztanleak, %20 inguru (11.177 biztanletik 8.987ra jaitsi da), batez ere etxebizitza gabezia eta honen prezio altua dela eta. Gainera, udalerriak etxebizitza huts maila baxua du, 215 hain zuzen ere 2007 urtean. Honen guztiaren eraginez, herriko hainbat biztanle inguruko herrietara bizitzera joan behar izan dira.

Bihartik maiatzaren 31ra bitartean proiektuaren ezaugarri guztiak Ondarroako Kofradia Zaharreko bigarren solairuan egongo dira ikusgai. Bertan informazio panelak, maketak eta bideoak izango dira informazioa jakinarazteko, 10:30etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara, astelehenetik larunbatera, eta 10:30etatik 14:30etara, igandeetan.