EUSKADI.-Pailazoak eta magia izango dira Bilboko "Ikusi eta Ikasi" umeeentzako programaren aste honetako protagonistak

Actualizado: lunes, 23 febrero 2009 12:00

BILBO, 23 Feb. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udaleko Euskara Sailak antolatu duen "Ikusi eta Ikasi" umeentzako euskara hutsezko programaren bosgarren ekitaldiak aurrera darrai aste honetan, eta pailazo eta magia ikuskizunak izango dira protagonista nagusiak.

"Ikusi eta Ikasi" Bilboko Udaleko Euskara Sailak Topagunea Euskara Elkarteen Federazioaren eta BBK-ren laguntzarekin antolatzen duen ekimen egonkorra da. Bere helburua da Bilboko haurren artean euskararen erabilera sustatzea haien aisialdian. Halaber, umeen artean bidezko heziketa, parte-hartzea, gizatasuna eta sormena bultzatzea ere bilatzen du. Kultur zirkuitu honen azken edizioan 3 eta 12 urte bitarteko 11.000 ume inguruk parte hartu zuen.

Aurten, 3 eta 12 urte bitarteko umeei egokitutako 30 ikuskizun antolatu dira (antzerkia, ipuin kontalariak, txotxongiloak, magia, pailazoak eta abar). Emanaldiak Begoñako, Ibaiondoko eta Deustuko udaltegietan eta Errekaldeberri, Tiboli, Zamakola eta Zurbarango ikastetxeetan egingo dira, urtarrilaren 20tik martxoaren 28ra bitartean.

Aste honetako lehenengo ikuskizun Kidam magoak emango du, bihar bertan, Begoñako Udaltegian, 18:00etatik aurrera. Kidam magoak berrasmaturiko magia, joko klasikoak eta orain arte ikusi ez diren beste batzuk nahasten ditu magia elegante eta ikusgarrienarekin.

Bestalde, ostegunean, Potxin eta Patxin pailazoek "Egipton gertatuak" ikuskiozuna eramango dute La Bolsa-Ibaiondoko Udaltegira. Potxinek eta Patxinek Egiptoko ohiturak eta nondik norakoak erakutsiko dituzte 18:00etan hasiko den saioan.

Halaber, larunbatean, Hipo eta Tomax pailazoen ikuskizuna izango da Deustu-Bidarteko Udaltegian, 11:00etatik aurrera. Bertan, Hipok eta Tomaxek umeen laguntza beharko dute Cola-Cao pastel bat egiteko.