EUSKADI.-Paul Bilbao izango da Kontseiluko idazkari nagusi berria, apirilean Xabier Mendigurenek erretiroa hartzen duenean

Actualizado: martes, 2 marzo 2010 19:25

BILBO, 2 Mar. (EUROPA PRESS) -

Xabier Mendiguren Bereziartu Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua sortu zenetik idazkari nagusi izan denak, erretiroa hartuko du aurten, eta bere ordez, Kontseiluko zuzendaritzak hala erabakita, Paul Bilbao izango da idazkari nagusi berria. Kontseiluko zuzendaritza-taldeak hartutako erabakia apirilaren 24an berretsi beharko dute bazkideek. Hartara, egun horretatik aurrera Paul Bilbaok hartuko du Xabier Mendigurenen ardura.

Paul Bilbao (Algorta, Getxo, Bizkaia, 1971) Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendaria da 2004tik gaur egunera arte, eta proiektu horretan sorreratik jardun izan du. Euskal Filologian lizentziaduna da Bilbao eta hizkuntza-plangintzan eta giza eskubideetan graduondokoak ditu.

Kontseiluko iturriek adierazi dutenez, Xabier Mendigurenen gidaritzapean, azken 12 urtetan erakundeak "euskalgintza batzea eta erreferentzia izatea" lortu ditu. "Urte hauetan, Kontseiluak eremu sozio-ekonomikoan lan egin du, baita administrazioekin elkarlana bultzatu ere. Hizkuntza-eskubideen sozializazioan egindako ekarpena ere handia izan da. Funtsean, euskararen normalizazioa bizi sozialaren eremu ezberdinetan zabaltzea eta aktibatzea lortu da", azaldu dute.

Modu honetan, Xabier Mendigurenek egindako "lan eskerga" aintzat hartuta eta "oinarri sendoarekin" hasiko da Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusi lanean.