EUSKADI.-Per Sonare bikote gazteak eskusoinu eta gitarra kontzertua eskainiko dute bihar Bilbon

Actualizado: miércoles, 22 abril 2009 18:21

BILBO, 22 Abr. (EUROPA PRESS) -

Celia Adrian eskusoinu-jotzaileak eta Jose Pablo Polo gitarristak osatzen duten Per Sonare bikotea izango da protagonista bihar BilbaoMusikan izango den kontzertuan. Musika klasikoan etorkizuna duten bi gazte hauen kontzertua, BilbaoMusika udal erakundeak eta Juventudes Musicales elkarteak elkarrekin antolatzen duten programaren baitan dago. Doako sarrerarekin, kontzertua La Galera eraikineko auditorioan izango da, 19:30etan.

Antolatzaileek azaldu dutenez, Per Sonare 2004an sortu zuten Celia Adrian (Ourense, 1983) eta Jose Pablo Polo (Madrid, 1984) musikari gazteek, gitarra eta eskusoinuaren errepertorioa gaurkotzeko asmoz. Saiakera honetan, gaur eguneko musikan oinarritu dira Adrian eta Polo eta Jose Maria Sanchez-Verdu, Kenichi Nizishawa, Francis Lara, Alicia Diaz de la Fuente, Miguel Angel Mateo eta Krzysztof Olczak konpositoreen obrak estreinatu dituzte beste batzuen artean.

Zenbait jaialditan parte hartu dute bikote bezala eta iaz Espainiako Juventudes Musicales Lehiaketa Iraunkorreko LXVIII. edizioko bigarren saria eskuratu zuten ganbera musikaren atalean.

BilbaoMusikako kontzertu honetarako programa konposatu bat aukeratu dute: Tomas Gubitschen "Villa Luro"; Simon Baggioren "Paysages Idylliques"; Jan Truhlarren "Kontoverse"; Claudio Tupinambaren "Sete chaves misticas"; Patrick Busseuilen "Mobile 86" eta Astor Piazzollaren "Cuatro estaciones porteñas".

BilbaoMusika Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren menpeko erakunde autonomoa da, eta Musika Eskola, Udal Banda eta Txistularien Bandaren kudeaketaren arduraduna.