EUSKADI.-Robert Rossen zuzendari estatubatuarrari eskainitako zikloa hasiko da gaur Donostiako Nosferatum egitarauan

Actualizado: jueves, 19 febrero 2009 11:19

DONOSTIA, 19 Feb. (EUROPA PRESS) -

Donostia Kulturak antolatutako Nosferatu programazioak gaur hasiko du "Robert Rossen: bere obra eta bere garaia" zikloa, eta zuzendari estatubatuarrak zuzendu zuen lehenengo pelikula emango du Antzoki Zaharrean, 20:15ean hasita. "Johnny O'Clock" (1947) da gaurko saioan ikusgai izango den filma, antolakuntzak jakinarazi duenez.

Robert Rossen (New York, 1908 - Hollywood, 1966) "The Hustler" (1961) edo "Lilith" (1964) zuzendu zituen zinemagileak, hamar pelikula besterik ez zituen egin zuzendari gisa. Bere ibilbidea oztopoz beteta egon zen McCarthy senatariaren "sorgin ehiza" garaian arazoak izan zituelako, eta goiz hil zelako geratu zen ibilbide hori bat-batean etenda.

Hala, Rossen izango da Nosferatu programazioko ziklo berri honen protagonista, eta datorren maiatzaren 21era arte, zuzendari lanean egin zituen hamar pelikulak eta gidoigile gisa egin zituen lanetatik hiru ikusi ahal izango dira bertan.

Robert Rossenek gidoiak egiten hasi zuen bere ibilbidea 1937an, zine beltzean espezializatuta, eta lan horren emaitza dira "The Roaring Twenties" (Raoul Walsh, 1939) eta "The Strange Love of Martha Ivers" (Lewis Milestone, 1946) filmak. Beste genero batzuk ere jorratu zituen, hala nola abentura zinea -"The Sea Wolf" (Michael Curtiz, 1941)- edo gerrako zinea -"Edge of Darkness" (Lewis Milestone, 1943)- adibidez.

1947an, lehen aldiz Ekintza Antiamerikarren Batzordearen aurrean deklaratzeko (ez zuen halakorik egin) deitu zioten urtean, zuzendari lanean estreinatu zen "Johnny O'Clock" pelikularekin, eta urte hartan bertan boxeo munduaren inguruan inoiz egin izan den pelikula onenetako bat zuzendu zuen: "Body and Soul".

Bere hirugarren filma "All the King's Men" izan zen, politikaren munduko ustelkeriaren aurrean bere jarrera irmoa erakutsiz, eta horren ondoren berriro deitu zioten Batzordearen aurrean deklaratzeko; dena den, uko egin zion bere aurreko jarduerei buruz hitz egiteari.

Bi urte lanik egin gabe, azkenean, 1954an, bere testigantza eman zuen McCarthyren eta bere batzordearen aurrean, hamar urtez Alderdi Komunistako kide izan zela aitortuz eta berarekin batera kide izandako 57 pertsona salatuz.

Italian filmatutako "Mambo" (1954) edo Espainian filmatutako "Alejandro el Magno" (1956) pelikulen egile, Rossenen ibilbidea bere bi maisulanekin amaitu zen: "The Hustler" (1961), billar aretoen eta hondamenaren inguruko istorioa, Paul Newman protagonista duena; eta "Lilith" (1964), "Hollywood berria" deitu izan zitzaion horren aitzindarietako bat bilakatutako film berritzailea.

Rosseni eskainitako zikloa "Nosferatu" bildumako laugarren liburuaren argitalpenarekin osatzen da. "Robert Rossen: Bere obra eta bere garaia" da liburuaren izenburua eta Quim Casas, Jose Antonio Hurtado eta Carlos Losilla izan dira koordinatzaileak.

Emanaldi bakoitzerako sarrerak 3,70 euro balio du, eta zikloa osorik ikusteko abonu bat ere badago (13 emanaldiak eta liburua barne), 40 euro balio duena.