EUSKADI.-Rogelio Lopez Cuenca artista bisuala inguruneak bere artean duen eraginaz mintzatuko da bihar EHUko Leioako campusan

Actualizado: lunes, 25 mayo 2009 14:08

BILBO, 25 May. (EUROPA PRESS) -

Rogelio Lopez Cuenca artista bisualak inguruneak bere artean daukan eraginaz hitz egingo du bihar "Hear me with your eyes" hitzaldi-sorta itxiko duen saioan. Ekitaldia 11:00etan hasiko da, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Arte Ederren Fakultateko gradu-aretoan, Leioako campusan, EHUtik jakinarazi dutenez.

Artista andaluziarrak behin baino gehiagotan aldarrikatu du bere artelanen izaera kolektiboa. Horrela, "J'(e m)'accuse" manifestuan artistak bere buruari leporatzen dio "sinestea artelan oro bere aurreko artelanetatik eratorria dela, eta haiekin batera sare bat, ehun bat osatzen duela". Beraz, Lopez Cuencak uste du bere lanak guztien emaitza direla, baita lanok egiteko eragozpenak jarri zituztenena ere.

Bere lanean Rogelio Lopez Cuencak nortasuna eratzeko prozesuak aztertzen ditu gaur egungo ikonografia eta hizkuntzen bitartez. Bere lanean erabiltzen ditu bai literaturatik eta bai arte plastikoetatik eta publizitatetik hartutako elementuak, eta teknika eta bitartekoei dagokienez, berriz, pintura, poesia, bideoa edo espazioetan egindako esku hartzeak (espazio publikoetan, urbanoetan eta mediatikoetan, esaterako telebistan) erabiltzen ditu.

Lopez Cuenca irakasle gonbidatua izan da hainbat unibertsitatetako Arte Ederren fakultateetan, hala nola Bartzelona, Girona, Sevilla, Cuenca, Valentzia eta South Floridako Unibertsitateetan, eta Johannesburgo, Manifesta 1 (Rotterdam), Sao Paulo, Lima eta Istanbuleko bienaletan parte hartu du.