EUSKADI.-Sasibil elkarte lirikoak "Luisa Fernanda" zarzuela taularatuko du uztailean Donostiako Victoria Eugenia Antzokian

Actualizado: martes, 2 junio 2009 19:21

DONOSTIA, 2 Jun. (EUROPA PRESS) -

Sasibill elkarte lirikoak "Luisa Fernanda" zarzuela interpretatuko du Donostiako Victoria Eugenia Antzokian uztailaren 10, 11 eta 12an. Uztailaren 10eko eta 11ko saioak 20:00etan izango dira, eta 12koa, berriz, 19:00etan, Donostia Kulturako iturriek gaur jakinarazi dutenez.

Luisa Fernanda Madrilgo neska bat da, eta Vidal Hernandok, Extremadurako lurjabe aberats batek, harekin ezkondu nahi du. Neska, ordea, Javier Morenoz maiteminduta dago, ezagutzen dituen emakume guztiekin jolasten ibili ohi den koronel batez.

Hainbeste itsuskeriaren aurrean, Luisa Fernandak Vidal Hernando senartzat hartzea erabakitzen du. Liberalen eta erregezaleen arteko borrokak direla eta, Javier Moreno preso hartzen dute liberalek. Haiekin bat egina da Vidal Hernando, eta libre uzten du koronela, Luisa Fernandak hala eskatuta.

Javierrek Portugalera egiten du ihes, eta gero Luisa Fernanda eta Vidal Hernandoren ezkontzara agertu eta Luisari berarekin ihes egiteko eskatzen dio. Vidal haien maitasunaz ohartzen da, eta elkarrekin alde egiten uzten die.

Ikuskizunerako sarrerak 36, 28 eta 20 eurotan daude salgai Victoria Eugeniako eta Antzoki Zaharreko leihatiletan, bai eta Kutxaren ohiko kanaletan ere (Telekutxan, Servikutxan eta www.kutxa.net webgunean).