EUSKADI.-Tecnaliak I+G+B proiektu berrietarako laguntza emango die euskal enpresei, inbertsioaren %50 bere gain hartuta

Actualizado: jueves, 4 junio 2009 15:33

BILBO, 4 Jun. (EUROPA PRESS) -

Tecnalia korporazio teknologikoa "Aukera" ekimenaz baliatuko da krisiari aurre egiteko, eta horrela, enpresa batek I+G+B proiektu berri baterako korporazioaren zentroetako bat kontratatzean, kontratazio-gastuaren %50 Tecnaliak ordainduko du. Confebaskek ohiz kanpoko ekimen hori sustatu, bultzatu eta babestuko du, eta 2009 eta 2010 bitartean abian jarriko diren ekimen pribatuko 30 bat proiektu Tecnaliak babestea eta horiek enpresekin batera garatzea da "Aukera" ekimenaren asmoa.

Jose Maria Echarri Tecnaliako presidenteak eta Miguel Lazpiur Confebaskekoak aurkeztu dute gaur, Bilbon, Tecnaliak abian jarritako ekimena. Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) duten eta etorkizunean posizio lehiakorrari eusteko eta krisiari aurre egiteko I+G+B proiektuetan uste osoa duten enpresei zuzenduta dago ekimena.

Echarrik azpimarratu du krisialditik egoera abantailatsuan irteteko "biderik egokiena" dela I+G+B, eta Tecnalia "gidaririk aproposena".

Lazpiurrek nabarmendu du EAE ez dela krisialdi sakon honetatik kanpo gelditzen ari, eta, beraz, teknologia maila altuko produktuetan eta enpresa-antolaketa berri batean oinarritu behar garela zailtasunak gainditzeko eta haietatik sendotuta irteteko. Testuinguru honetan, "Aukera" bezalako proiektuak "bereziki interesgarriak eta egokiak" iruditzen zaizkiela esan du.

Tecnaliak bat egingo du enpresekin, haiekin batera I+G+B proiektuetan inbertitzeko, eta ahalegin handia egingo du, enpresek Tecnaliako zentroak I+G+B proiektuetarako kontratatzeak eragindako gastuen %50 bere gain hartuko baitu -hiru milioi euro gehienez-. Proiektu horiei enpresekin batera ekingo die.

Berritzaileak, originalak edo bideragarriak izateagatik "Aukera" ekimenaren ekarpena merezi duten I+G+B proiektu berrien garapena babestuko du korporazio teknologikoak. Proiektuen emaitzak positiboak izanez gero soilik itzuliko diote inbertsioa enpresek Tecnaliari.

"Aukera" ekimena malgua da eta hainbat proiektutara eta enpresetara egokitu daiteke. Nolanahi ere, Tecnaliak inbertsioa, arriskua eta emaitzak, edota haien gaineko eskubideak enpresekin partekatuko ditu. Ekimen honen bidez, Tecnalia korporazio teknologikoa eta bere zentroak bezeroen negozioarekin eta produkzio-sarearekin konprometituko dira.

20 MILIOI EURO INGURU

Tecnaliak abian jarritako ohiz kanpoko ekimen honek euskal gizartearekin konpromisoa hartzen du, I+G+B sektorea dinamizatzen du eta "enpresarako balioa sortzen du mundua krisialdi ekonomikoan murgilduta dagoen garaian".

Korporazioaren ustez, ekimen honek 20 milioi euro inguru mugiaraz ditzake, I+G+B proiektuetan inbertitutako hiru milioi euro horietatik abiatuta, zentro teknologikoen azpikontratazio-balioari (hiru milioi euro gutxi gorabehera, sei milioi euro guztira) enpresaren I+Gko ahalegina, fabrikazioa eta banaketa eta beste enpresa batzuen azpikontratazio-gastuak gehitzen bazaizkio.

Enpresan benetako eragina izango duten proiektuak enpresekin elkarlanean sortzea bultzatuko dute Tecnaliako ikertzaileek, eta honelako proiektuak bultzatuko ditu korporazioak: berritzaileak eta originalak direnak, bideragarriak, emaitzak lortzera bideratuak, inguruan itzulera eta eragin-ahalmena dutenak eta jabetza industrialeko aktiboak sortzea, produktibitatea handitzea, gastuak murriztea eta salmentak handitzea helburu dutenak.

"Aukera" ekimena ezohiko egoera bati erantzuteko sortu da, eta 2009-2010 eperako pentsatu da. Tecnaliak inplikazio eta ardura ezberdina izan dezake proiektu batetik bestera, enpresaren interesen eta proiektuak korporazio teknologikorako duen erakargarritasunaren arabera.

Joseba Jauregizar Tecnaliako zuzendari nagusiak adierazi duen bezala, "krisialdia espero baino luzeago bada, baliteke 'Aukera' ekimenaren bigarren fase bati ekitea, enpresa-sarea babesten jarraitzeko".

Jauregizarrek nabarmendu du, halaber, "Aukera" ekimena inflexio-puntu bat dela zentro teknologikoen eta enpresen arteko harremanetan; hala, zentro teknologikoek I+G+B proiektuen azpikontratista soila izateari utziko diote, eta enpresaren sozio izatera igaroko dira, eta guztiz inplikatuko dira emaitzen kontuan eragin positiboa duten emaitzak lortzen.

Tecnaliak bultzatutako eta finantzatutako "Aukera" ekimenak Confebasken eta haren partaide diren Adegi, Cebek eta SEA erakundeen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Merkataritza Ganberen babesa du. Halaber, ekimen honek Eusko Jaurlaritzaren, hiru foru aldundien eta Innobasqueren sostengua du.

Datozen asteotan, enpresa-erakunde garrantzitsuenekin batera, Tecnaliak lan-tailerrak edo berariazko aurkezpenak antolatuko ditu lurralde bakoitzean, etorkizuneko negozio-aukerak enpresekin zuzenean zehazteko.

Tecnalia korporazio teknologikoa duela zortzi urte sortu zen, eta harrezkero, enpresen emaitzetan edo gizarte-ongizatean balioa sortzea izan da haren ikerketa eta berrikuntza-jardueraren helburua. Egun, hauek dira korporazioa osatzen duten zentro teknologikoak: Azti, Cidemco, European Software Institute (ESI), Fatronik, Inasmet, Labein, Neiker eta Robotiker. Bestalde, EUVE korporazioan sartzeko prozesuan dago.

Gaur egun, Tecnaliak 1.508 langile ditu, eta iaz 128 milioi euroko sarrerak lortu zituen, horietatik %54 kontratupeko proiektu pribatuetatik. Aurten, 3.800 bezeroekin egin du lan, eta 25 patente eskatu ditu. 24 enpresarekin zortzi ETORGAI proiektutan hartu du parte, eta 94 enpresarekin 38 CENIT proiektutan, onartutako proiektuen %62an, alegia. Era berean, VII. Esparru Programako 78 proiektutan parte hartu du, eta haietako 11 gidatu ditu.