EUSKADI.-Tren bateko segurtasuneko zaintzaile bat labana batekin mehatxatu duen 22 urteko gizon bat atxilotu dute Donostian

Actualizado: miércoles, 24 junio 2009 15:11

DONOSTIA, 24 Jun. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek 22 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo arratsaldean Donostian ustezko mehatxu delitu baten egilea delakoan. Dirudienez, tren bateko segurtasuneko zaintzaile batek susmagarriarekin zihoan lagun bat trenetik jaistera behartu zuen bileterik ez zeramalako eta atxilotuak labana batekin mehatxatu omen zuen zaintzailea, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi duenez.

Atzo arratsaldean, 16:00ak izateko minutu eskas falta zirela, Renfeko kontrol zentrotik Ertzaintzari deitu zioten Ategorrietako geltokian jazotzen ari zen treneko segurtasun zaintzaileen eta bidaiari baten arteko liskarraz ohartarazteko.

Bertaratu ziren ertzainek treneko zaintzaileak aurkitu zituzten gizonezko batekin; azken hau atxikita zeukaten begiraleetako bat labanaz mehatxatu omen zuela eta. Gertatutakoa egiaztatu eta gero, 22 urteko susmagarria atzeman zuten agenteek ustezko mehatxu delitu bat leporatuta; gizonezkoari egin zioten miaketan bederatzi zentimetroko xafla zeukan labana bat aurkitu zioten ertzainek.

Ostean ertzainek jakin zutenez, atxilotuak Renfeko begiralearekin liskarra izan zuen; azken honek, susmagarriarekin zihoan lagun bat trenetik jaistera behartu omen zuelako bileterik ez zeramala ikustean. Trena geltokira heldu ondoren ere, atxilotuak geltokiko zaintzaileak iraindu eta mehatxatzen jarraitu omen zuen eta azkenik, horietako bati labanaz mehatxuka hasi omen zitzaion. Hala ere, zaintzaile guztien artean atxikitzea lortu zuten.

Atxilotua beste hamar bat aldiz atzeman dute, hainbatetan oraingoa bezalako delituak leporatuta, eta datozen orduetan jarriko dute epailearen esku.