EUSKADI.-Unibertsitate-ikasleen ia erdia gizarte-zientzietan eta zuzenbidean matrikulatu zen 2007-2008 ikasturtean EAEn

Actualizado: jueves, 26 marzo 2009 13:42

BILBO, 26 Mar. (EUROPA PRESS) -

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) unibertsitate-ikasleen ia erdia gizarte-zientzietan eta zuzenbidean matrikulatu zen 2007-2008 ikasturtea, eta arlo guztietan emakumeak gehiago izan ziren, irakaskuntza teknikoetan izan ezik, Eustat Estatistikaren Euskal Erakundeak gaur jakinarazi duenez.

Horrela, joan den ikasturtean 65.101 ikasle matrikulatu ziren guztira EAEko unibertsitateetan, eta haien arteko %47 arlo sozial eta juridikoan, Eustaten datuen arabera. Aurreko ikastaroaren aldean, matrikulazioak %2 gutxiago izan ziren, azken 13 urteetako joerari eutsiz. Lurraldez lurralde, matrikulatutako guztien %55 Bizkaian aritu ziren, %31 Gipuzkoan eta %14 Araban.

Matrikulatutakoen %55 emakumezkoak izan ziren, hau da, joan den ikasturteko portzentajearen antzera. Zentroen titulartasunari dagokionez, ikasleen %78 publikoetan matrikulatu ziren.

Zehazki, 30.790 ikaslek egin zituzten arlo sozial eta juridikoko ikasketak, eta hori matrikulazio guztien %47 da. Bigarren, 20.346 ikaslek (%31k) Ikasketa Teknikoak aukeratu zituzten, eta Giza Zientzietan 6.106 matrikulatu ziren. Prestakuntza sanitario eta esperimentala aukeratutakoak 3.888 eta 3.372 izan ziren, hurrenez hurren, hots, adar bakoitzaren %6 eta %5.

Emakumeek presentzia "nabarmena" izan zuten ia adar guztietan, %63 zirelarik, batez beste, zientzia sozial eta juridikoetan, esperimental eta giza zientzietan. Osasun arloan emakumeak gehiago izan ziren, eta gero eta gehiago, hamar matrikulaziotik zortzi. Salbuespena irakaskuntza teknikoak dira, nonbait erakargarriagoak zaizkie gizonei, emakumeak %30 izanik.

Bestalde, 2007-08 ikasturtean 12.489 ikaslek bukatu zituzten unibertsitate-ikasketak, eta horietako %58 emakumeak izan ziren.

Ikasketa motaren arabera, 4.175ek lizentziaturaren bat lortu zuten (%39k); ondoren diplomaturak datoz, 3.066 (%29) eta arkitekturak eta ingeniaritzak, bai goi-mailakoak, bai teknikoak: 1.703 eta 1.681, (%16).

Graduatu ondokoetan, 1.561 ikaslek hirugarren zikloa (ikertzeko nahikotasuna) bukatu zuten, doktoretza egiteko gaituz; 313k master ofizialen bat bukatu zuten, eta 303k doktoretza.

Hona hemen graduatu gehien izandako titulazioak: irakasle eskola (1.366), industri ingeniaritza teknikoa (874), enpresa-administrazioa eta zuzendaritza (790), enpresa-zientziak (596) eta industri ingeniaritza (447). Emakumeak bakarka hartuta: irakasle eskola (1.072), enpresa-administrazioa eta zuzendaritza (487), enpresa-zientziak (353,) erizaintza (308) eta psikologia (270).

Bestalde, EAEko unibertsitateetan, 2007-2008 ikasturtean, 7.628 pertsonak lan egin zuten, aurrekoan baino %5 gehiagok. Haietarik %45, 3.449, emakumeak.

Azkenik, 5.592 irakaslek osatu zuten plantilla, aurreko urtean baino %5,4 gehiagok. Hamar irakasletatik lau emakumeak ziren, eta ez-irakasleak, 2.039 pertsona izan ziren.