EUSKADI.-Zabalik da 2009ko Bilboko Aste Nagusiko kartel lehiaketan parte hartzeko epea

Actualizado: lunes, 20 abril 2009 15:36

BILBO, 20 Abr. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udaleko Jaietako Batzordeak lehiaketa antolatu du 2009ko Aste Nagusia iragarriko duen kartela aukeratzeko. Maiatzaren 29ra arte egongo da lanak aurkezteko aukera eta 3.800 euroko saria izango du kartel irabazleak, udal bilbotarreko iturriek gaur jakinarazi dutenez.

Egile bakoitzak lan bi aurkeztu ditzake gehienez ere. Kartela 70 cm x 50 cm neurrikoa izango da (ez-etzana), eta luma-kartoi gainean eta kristalik gabe aurkeztu beharko da derrigorrean. CD bat bidali beharko da, 110 x 79 pixeleko eta 72 PPP bereizmeneko argazki txikiarekin eta 700 x 500 pixeleko 72 PPP bereizmeneko argazki handiarekin.

Kolorea eta teknika aukerakoa da, obrak originalak izango dira eta Karteleko testua ondokoa izango da: "BILBAO 2009. ASTE NAGUSIA.

Abuztuak 15-23 Agosto".

Aipatu bezala, lana aurkezteko azken eguna maiatzaren 29a izango da, 13:00ak arte. Turismo eta Jaietako Sailean aurkeztu behar dira lanok (Zabalgune Plaza, 9:00etatik 00:00etara. Lanak goiburuarekin eta egilearen izenperik gabe aurkeztu beharko dira, eta goiburu bera daraman gutunazal itxi batean egilea nor den jakiteko datuak adieraziko dira, curriculum laburra, telefono zenbakia eta NANaren zenbakia barne.

Lehiaketaren irabazleak 3.800 euro jasoko ditu. Saririk eman barik ere utzi daiteke, aurkeztutako kartelek behar adinako kalitaterik ez badaukate; kasu horretan, epaimahaiak hiriko artista edo estudio entzutetsuren bati eskatu ahal izango dio kartela egiteko.

Epaimahaiak sei kartel aukeratuko ditu eta Zabalgune eraikinean eta Udalaren web-orrian jarriko ditu ikusgai; ondoren, herritarrek parte hartzeko aldia irekiko da, gutxienez hamar egunekoa. Herritarrek banakako botoaren bidez parte hartuko dute, horretarako erabilgarri jarriko diren bitartekoak baliatuta, halako moduz non boto gehien jasotzen duen kartela izanen baita sariaren irabazlea. Hala herritarrek parte hartzeko aldia nola bozketaren prozedura behar den unean eta moduan iragarriko dira.

Epaimahaia Jaietako Batzordeak izendatuko du eta sei kide izango ditu. Horietako hiruk arte eta publizitate alorrekin zerikusia edukiko dute, beste bat konpartsen ordezkaria izango da, beste bat Udalbatzarena eta azkena Jaietako batzordeburua izango da. Sei kartel aukeratuko dituzte.