EUSKADI.-Zerbitzutik kanpo zegoen ertzain batek emakumezko batek bikotekidearen erasoak jasatea saihestu du Gasteizen

Actualizado: viernes, 3 abril 2009 19:11

GASTEIZ, 3 Abr. (EUROPA PRESS) -

Gizonezko batek bikotekideari eraso egitea saihestu zuen atzo Gasteizen zerbitzutik kanpo zegoen Ertzaintzaren agente batek. Ertzaina kaletik zihoan oinez eta auto bat gidatzen ari zen gizonezko batek kopilotuaren eserlekuan zegoen emakumezko bati eraso egingo ziola ikusi zuen. Hortaz, esku hartu zuen emakumezkoak erasoa pairatu ez zezan, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi duenez.

Gertakariak 22:20an jazo ziren atzo, Gasteizen. Ordu horretan, zerbitzutik kanpo zegoen Ertzaintzaren agente bat Wellingtongo Dukearen kaletik zihoan oinez, merkataritza-gune ezagun baten parean. Kale berean, Audi A4 auto batek azelerazio eta balaztada zakarrak egiten zituela ohartu zen ertzaina. Hala, auto barruan bi pertsona zeudela ikusi zuen: autoa gidatzen zihoan gizon bat eta kopilotuaren eserlekuan zegoen emakumezko bat.

Une horretan, gizonezkoak eskua mehatxuzko jarreran altxatu eta emakumezkoak besoekin bere burua babestu zuela ikusi zuen ertzainak. Gertakari horien aurrean, agentea autorantz zuzendu zen korrika eta, ibilgailuraino heltzerakoan, hainbat kolpe eman zituen maletategian gidariak autoa gelditu zezan. Bere helburua lortu ostean, agenteak bere burua ertzain gisa identifikatu zuen eta gizonari autotik irteteko agindu zion.

Jarraian, gizonezkoa aldendu egin zuen, ustezko biktimarengandik urruntzeko. Segituan, agentea emakumearengana zuzendu zen, negar egiten ari baitzen. Une horretan, bikotekideak eraso egin ziola jakinarazi zion ustezko biktimak agenteari.

Azkenik, ertzainak gertakaria Gasteizko ertzainetxeko Agintaritza eta Kontrol Zentroaren esku utzi zuen. Erasotzailea (41 urteko gizonezko bat) genero indarkeriaren ustezko delitu bat egotzita atxilotu zuten.