EUSKADI.-Zierbenan (Bizkaia) martxoaren 31n izandako hilketaren ustezko erantzuleetako bat atxilotu dute Valentzian

Actualizado: miércoles, 15 abril 2009 16:32

BILBO, 15 Abr. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek 51 urteko gizonezko bat atxilotu zuten joan den ostegunean Valentzian, ustez Zierbenan martxoaren 31n izandako hilketan parte hartu izana leporatuta. Ikerketek sumarioko sekretupean diraute, Barakaldoko Instrukzioko bigarren Epaitegiaren esku, oraindik ez baita susmagarri gehiagoren partaidetza baztertzen, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi duenez.

Hilketaren ostean Ertzaintzak jasotako lehen arrastoei esker, hilketak droga trafikoarekin zerikusia izango lukeen ustezko kontu-garbitze batekin izan zezakeen harremana aurkitu ahal izan dute agenteek. Muskizko Ertzainetxeko agenteek egindako ikerketetan susmagarri bat aurkitu zuten eta jakin zutenez, gizonezko honek Bizkaitik ihes egin omen zuen hilketaren ondoren.

Azkenik, joan den apirilaren 9an, ostegunean, Ertzaintzaren agenteek, Barakaldoko Epaitegiak kudeatuta, ustezko susmagarria atxilotu zuten Valentzia hirian; eskualde hartan bertan behin-behineko espetxeratzea ezarri zioten. Ustezko hiltzailearen atxiloketan ertzainek Espainiako Polizia Nazionalaren laguntza izan zuten.

Kasu honen ikertzaileek ez dute baztertzen susmagarri gehiago egoterik. Hortaz, ikerketek aurrera diraute joan den martxoaren 31n Zierbenan benetan gertatutakoa egiaztatzeko. Biktimaren (45 urteko gizonezko bat) gorpua 14:30ak aldera aurkitu zuten bere etxean. Indarkeria arrasto argiak, buruan kolpe latz bat eta arma zuriz egindako hainbat zauri zituen gorputz osoan zehar.

Gertaera jakinarazi zenetik, Ertzaintzak hainbat ikerketa bide zabaldu zituen baina, etxebizitzan burutu ziren analisi eta miaketek, gertaeraren eta droga trafikoaren arteko ustezko harremana argitara atera zuten. Etxean bertan aurkitu zituzten agenteek kokaina eta haxix kopuru txikiak, diru kopuru handi bat eta droga manipulatzeko beharrezko materialak.