EUSKADI.-Ziklomotor bat baimenik gabe gidatzen ari zen 18 urteko mutil bat atxilotu dute Lasarte-Orian (Gipuzkoa)

Actualizado: miércoles, 11 marzo 2009 18:06

DONOSTIA, 11 Mar. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek 18 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo arratsaldean Lasarte-Orian (Gipuzkoa), dagokion baimenik gabe ziklomotor bat gidatzeagatik, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko iturriek gaur jakinarazi dutenez.

Gertakariak atzo arratsaldean izan ziren, 14:00ak jotzeko minutu gutxi falta zirenean, Lasarte-Orian. Ordu horretan, Hipodromo etorbidean ibilgailu batean hainbat egiaztapen egiten ari zen herritarren segurtasunerako patruila batek ziklomotor batean zihoan gazte bat ikusi zuen eta, gazte hura, egun batzuk lehenago baimenik gabe gidatzen harrapatu zutela ohartu ziren agenteak.

Jarraian, gazteak ziklomotorra inguruetan gelditu zuela ikusi zuten agenteek eta berarengana zuzendu ziren, hura identifikatzeko. Hala, agenteek gidabaimenik zeraman galdetu zioten, baina gizonezkoak ezetz erantzun zien. Halaber, derrigorrezko asegururik eta gida baimenik ez izateagatik egun batzuk lehenago autoa geldiarazi ziotela onartu zuen atzemandakoak, baita autoa ez mugitzeko agindua bete ez zuela ere.

Gertakari hauen aurrean agenteek gaztea atxilotu zuten, bide segurtasunaren kontrako ustezko delitu bat eta agintaritzaren agenteei desobeditze larria egin izana egotzita; lehenengo kasuan, dagokion baimenik gabe ziklomotor bat gidatzegatik eta, bigarrenean, ibilgetzea eragin zuten arrazoiak zuzendu gabe autoa ez mugitzeko agindua hausteagatik.

Atxilotua (aurretik beste behin atxilotu izan dute delitu berarengatik) agintaritza judizialaren aurrean agertu beharko da aurki.