EUSKADI.-Zinebiklub zikloak Euskal Herria, Espainia eta Latinoamerikako filmak eskainiko ditu otsailean eta martxoan zehar

Actualizado: martes, 2 febrero 2010 12:45

BILBO, 2 Feb. (EUROPA PRESS) -

Astero Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdian programatutako dokumentalen eta fikziozko zinearen emanaldi bat eskaintzen duen Zinebiklub zikloak ostegun honetan ekingo dio berriro egitarauari. Otsailean eta martxoan Euskal Herriko eta Espainiako zinea izango da saio askoren protagonista, eta, horrez gain, aukera izango da Latinoamerikako hainbat herrialdetatik heldutako ikus-entzunezko egitarauen aukeraketa batez gozatzeko. Herrialde horien artean daude, besteak beste, Argentina, Mexiko, Kuba edo Txile.

Otsailean eta martxoan zehar, ostegunero, arratsaldeko 19:30etatik aurrera, Abandoko Barrutiko Udaltegiak 70-80 minutuko saioetan bildutako 47 film labur (fikziozkoak, marrazki bizidunak eta dokumentalak) eskainiko ditu. Aukeratu diren lanen artean azpimarragarria da Oriana Alcalderen eta Alejandra Marquezen "5 recuerdos", otsailaren 4an emango dena. Lan horrek Zinebi 2009ko Euskal Zinearen Sari Nagusia jaso zuen, eta, horrez gain, Egile eta Editoreen Elkarte Nagusiak (SGAE) eta Euskal Herriko Gidoilarien Elkargo Profesionalak ematen duen saria.

Duela denbora gutxi Lebuko (Txile) Nazioarteko Zine Jaialdian ere saria lortu du lan horrek, eta "era bikainean" erakusten du emakume batek, Irmak, bere barnera egiten duen bidaia, bere oroimenaren sakontasunera, galduta dagoen oroitzapenaren bila, antolatzaileek adierazi dutenez.

Film horrekin batera, Graciela de Torres Olson zuzendariaren "Johannes" lana ikusi ahal izango da otsailaren 11n. Lan horrek Zinebi 2009ko Espainiako Zinearen Sari Nagusia jaso zuen. Abraham bere seme bakarra hiltzera doala erakusten duen Bibliaren zatia erabiltzen du oinarri gisa filmak, idazleari, literaturari eta hitzen iluntasunari buruzko metafora egiteko.

Zinebiklubeko programazioaren barruan azpimarratu behar den beste izenburu bat "La sesión de maquillaje" da, otsailaren 18an ikusi ahal izango dena. Lan horrek Unicefek ematen duen saria jaso zuen, Kanbodiako neska gazte batzuen bitartez, pertsonen aurkako minen inguruan eskaintzen duen ikuspegi bereziagatik.

Emanaldien zikloan sartzen da Egile eta Editoreen Elkarte Nagusiak (SGAE) eta Euskal Herriko Gidoilarien Elkargo Profesionalak ematen duen saria lortu zuen "Ahate Pasa" lana (martxoaren 11n), edo "Grecia es Maravillosa, ¿verdad?" film esperimentala, TVEko La2 kateko "En construcción" saioarekin izandako elkarlanetik sortutako proposamen bitxia.

Duela denbora gutxi filmak egiteko saltoa eman duten zenbait zuzendarik ere lekua izango dute. Horrela, ikusgai izango dira Nacho Vigalondoren "Marisa" (martxoaren 11n), eta martxoaren 4an ikusi ahal izango diren Eduardo Chapero Jacksonen "The end" eta Elio Quirogaren "My name is Maria".

LATINOAMERIKA

Horrez gain, Zinebiklubek Latinoamerikako zinearen aukeraketa bat antolatu du martxoko azken bi saioetarako. Horrela, martxoaren 18an Zinebi 2009ko Animazioko Zilarrezko Mikeldi Saria lortu duen "Golpe de Espejo" lana eskainiko da. Claudio Diaz Valdes egile txiletarraren lan horretan, 1973 eta 1989 artean jaiotako zortzi gaztek Monedaren Jauregitik era espontaneoan erantzuten dituzte diktadurak markatu duen garai horri buruzko galderak. Kontakizun zintzoen bitartez, lanak imajinaziozko bidaiari ekiten dio, banakako iraganetik taldeko etorkizunera.

Zinebiklub ekimenak hainbat helburu ditu, eta horietako lehena Bilbok duen zine-eskaintza osatzea da, pantailatan oso ohikoa ez den ikus-entzunezko produkzio motaren programazio egonkorraren bitartez. Film laburrak eskainiko dira, bere genero guztietan: fikzioa, marrazki bizidunak, dokumentalak, esperimentalak eta abar. Lan horiek eskola eta ezagun egiteko eta saltoa emateko gune dira egile berrientzat.

Beste alde batetik, etengabeko jarduera eskaintzen dio Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak ikus-entzunezkoen alorrean prestatzen duen programazioari eta, horrez gain, Zinebiri oihartzun handiagoa ematen dio hirian, jaialdia bera ospatzen den egunetatik kanpo.

Bi hilabete horietan, Zinebiklub Barrainkuako Udaltegian burutuko da, ostegun guztietan, arratsaldeko 19:30etatik aurrera, sarrera doakoa izanik (aretoa bete arte), Dolby soinua izango duen aretoan. Ordutegiei eta programazioari buruzko informazio guztia Bilboko Udaleko www.bilbao.net webgunean edo 010 telefono zenbakian jaso daiteke.