EUSKADI.-Zurriola pasealekuan drogarekin trafikatzen ari zen 29 urteko gizon bat atxilotu dute, Donostian

Actualizado: viernes, 5 junio 2009 15:13

DONOSTIA, 5 Jun. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek 29 urteko gizon bat atxilotu zuten atzo arratsaldean Donostian, osasun publikoaren kontrako ustezko delitu bat (droga trafikoa) egin izana egotzita. Zurriola hiribidean, beste gazte bati ustez droga saltzen ari zitzaionean harrapatu zuten agenteek, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi duenez.

Gertakariak atzo arratsaldean jazo ziren, 17:00ak aldera, Donostiako Gros auzoko eremu horretan. Ordu horretan, herritarren segurtasunerako patruila batek gizon bat ikusi zuen, beste gizonezko bati droga zirudien gai bat ematen ari zitzaionean. Halaber, azken gazte horrek, trukean, billete batzuk ematen zizkiola ohartu ziren agenteak.

Droga salmenta bat izan zitekeela iritzita, ertzainak gizonak jagoten hasi ziren. Hala, susmagarriak banandu zirenean, ustezko eroslea geldiarazi zuten, bere autoan sartu berri zenean. Ibilgailuan haxix zati bat eta ustez kokaina zuen poltsatxo bat atzeman zituzten agenteek.

Jarraian, ertzainek ustezko saltzailea identifikatu zuten. Gizonak droga trafikoarekin lotutako hainbat objektu zeramatzan soinean gurutzatzeko poltsa batean, eta haxix eta kokaina kantitate txikiak, doitasun-balantza elektroniko bat, plastikozko zatiak (bilgarriak egiteko), oharrak jasota zituen koaderno txiki bat eta 750 euro (100 eta 50 euroko billeteetan) atzeman zizkioten susmagarriari.

Datu horien aurrean, patruilak gizonezkoa atxilotu zuen droga trafikoaren ustezko delitu bat egotzita. Gaur Donostiako Guardiako Auzitegiaren esku jarriko dute.