EUSKADI.-Zuzendaritza eta erdi mailako aginte karguetan dagoen emakume kopurua bikoiztu egin da bost urtean Bizkaian

Actualizado: miércoles, 18 marzo 2009 14:45

BILBO, 18 Mar. (EUROPA PRESS) -

Zuzendaritza eta maila ertaineko aginte karguetan dagoen emakume kopurua bikoiztu egin da bost urtean Bizkaian. Izan ere, 2003 eta 2008 bitartean hazi egin da lan munduan sartzen den emakume kopurua, eta hiru lanpostutatik bat lortzen dute gaur egun.

Bilboko Merkataritza Ganberak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Berrikuntza eta Ekonomiaren Sustapenerako Sailak, "Berdin" proiektu korporatiboaren baitan, emakume eta gizonen arteko berdintasunarekin lotutako hainbat ekintza jarri dituzte martxan.

Bi erakunde hauek emakume eta gizonen arteko berdintasunean eta Bizkaiko enpresen garapenean duten inplikazioaren ondorioz, 2003an egin zen lehen aldiz "Bizkaiko enpresetako plantillen egoerari buruzko diagnostikoa genero ikuspuntutik". Azterlanaren emaitza gaur aurkeztu dute Izaskun Artetxe Bizkaiko Foru Aldundiko Berrikuntza eta Ekonomi Sustapeneko sailburuak eta Ignacio Mª Echeberria Merkataritza Ganberako presidenteak.

Horrela, azken bost urteetan, Bizkaiko enpresa-sarearen alderdi positibo bezala nabarmendu dute genero etena murriztu egin dela jarduera tasan, 2003an -22,9koa baitzen eta 2008an -17,7koa.

Era berean, "positibotzat" jo dute genero etena murriztu izana okupazio tasari dagokionean, 2003ko -23,1etik 2008ko -17,2ra jaitsi baita. Gainera, adierazgarria da emakumezkoen 2008ko okupazio tasa oso hurbil dagoela emakumezkoen jarduera tasatik (42,8 eta 44,9 hurrenez hurren).

Emakumearen langabezi tasarekin lotutako datuak ere "pozgarriak" direla nabarmendu dute, izan ere, "etengabe" jaitsi da 2000. urtetik hasita (2008an izan ezik, 0,4 hazi baitzen aurreko urtearekiko).

Merkataritza Ganberak eta Bizkaiko Foru Aldundiak egindako azterlanean ikus daiteke lan munduan sartzeko orduan, genero etenik handiena oraindik ere 45 urte baino gehiago dauzkaten emakumeen artean dagoela. Hala ere, alderdi positibo bezala aipatu behar da laneratutako emakume kopurua hazi egin dela adin talde guztietan.

Emakumeen laneratzeari buruzko datuek bilakaera baikorra izan dute (2003an plantillen %19,9 ziren eta 2008an %33,8 izatera pasa dira), baina lan baldintzak ez dira gizonen berdinak, lana lortzeko mekanismoetatik hasita. 2003an bezala, gehienbat emakumeak dira hautaketa prozesu formal bat (CV eta elkarrizketa) gainditu behar dutenak, eta gizonek gehiagotan lortzen dute lana harreman pertsonalen bitartez.

Bestalde, kontratu motak erakusten du non jarraitu behar den hobetzen: lanposturik ezegonkorrenak emakumeek okupatzen dituzte (aldi baterako kontratuak %6 gehiago dira emakumeen kasuan).

Lanaldi motarekin lotutako datuek adierazi dute emakumeek etxeko lanak eta zaintza lanak beren gain hartzen jarraitzen dutela, oro har lanaldi partziala eta lanaldi murriztua baitauzkate oraindik. Hala ere, lanaldi zatitua eta trinkoa duten emakumeen kopurua hazi egin da 2003arekiko, eta horrek aldaketa erakuts lezake.