Euskadik bere turismo eskaintza aurkeztuko die Alemaniako bidaia antolatzaile eta hedabideei Berlinen

Actualizado: jueves, 5 marzo 2015 15:01

BILBO, 5 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzak Euskadiko turismo eskaintzaren aurkezpena egingo du ostegun honetan Berlingo ITB turismo azokan, Alemaniako 30 bidaia antolatzaile eta hedabideren aurrean, eta Rainer Brusis merkatu alemaneko agente ordezkari berriak Euskadiren turismo eskaintzaren xehetasunak azalduko ditu.

   Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismoko sailburuorde Itziar Epalza eta Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko diputatu Imanol Pradales izango dira aurkezpenaren buru, Jaurlaritzak jakinarazi duenez.

   Agenteak "basque style" deritzonean islatzen den Euskadiren nortasun ondarea nabarmenduko du, bai eta euskal turismo eskaintzaren aniztasuna ere, hau da, "hiriburu oso ezberdinak, kostaldea eta mendia, gastronomiaren eta gizartearen kalitatea".

   Euskadira iristen diren turista guztien %3 Alemaniatik datoz, baina azken bost urteetan %23,5eko hazkundea izan du turista alemanen kopuruak. Euskadi bisitatzen duten alemanen % 4,7 bavariarrak dira, eta %8,63 Hessen hurbilekoak. Hegazkinez (%49,6), autobusez (%27) eta autoz (%21,2) heltzen dira. Gaur egun Bilborako zuzeneko hegaldiak daude Berlin, Düsseldorf, Frankfurt, Munich eta Stuttgartetik.

   Bisitari alemanek 90,82 euro gastatzen dituzte batez beste, eta 5,38 gau ematen dituzte bertan (aisia turismoaren batez bestekoa lau gau da). Euskadin gehienbat 'city break' deritzonarekin (%74), gastronomiarekin (%70), kultura eta ekitaldiekin (%69,9) eta touringekin (%69,3) lotutako jarduerak egiten dituzte.

GONBITEA

   Itziar Epalzak Euskadi ezagutzeko eta ezagutarazteko gonbitea egingo die bertaratzen direnei. "Ondare unibertsal bat zaintzen dugu euskaldunok, Europako hizkuntzarik zaharrena. Hori gure ohituretan, gure hirietan zein gure kostalde eta mendietan islatzen da. Horregatik, hamar bisitaritatik bederatzik gure helmuga gomendatuko liekete lagun eta senideei", esan du.

   Aurkezpen teknikoa amaitzeko, Euskadiko kalitatezko gastronomia produktuen sorta batez gozatzeko aukera izango dute gonbidatuek. Azokak irauten duen bitartean, Eusko Jaurlaritzak aurrez aurreko bilerak egingo ditu aurkezpenean parte hartuko duten bidaia antolatzaile batzuekin merkataritza hitzarmenak egiteko.

   Asteburuan publiko ez profesionala joango da azokara, eta orduan Euskadik hainbat kultur eta gastronomia jarduera antolatuko ditu, hala nola txalaparta erakusketak eta pintxo dastatzea.