Euskadik Europako eskualdeak ordezkatuko ditu zibersegurtasuneko lankidetza publiko-pribatuan

Javier Diéguez
SPRI
Actualizado: viernes, 22 junio 2018 12:33

BILBO, 22 (EUROPA PRESS)

European Cybersecurity Organisation (ECSO) erakundeak Javier Diéguez Euskadiko Zibersegurtasun Zentroko (BCSC, ingelesezko sigletan) zuzendaria aukeratu du Lankidetza Batzorde publiko-pribatuan Europako eskualdeen ordezkari izateko. Batzorde hori ECSOren eta Europako Batzordearen arteko komunikazio kanal formala da eta bertan eztabaidatzen da zibersegurtasuneko proiektuei buruzko lan programa. Hala, "Euskadik bere posizioa sendotu du zibersegurtasunean Europako erreferente izateko", SPRI Taldeak nabarmendu duenez.

Hain zuzen, horixe da Eusko Jaurlaritzak SPRI Taldearen bitartez 2017ko urrian sortutako BCSC zentroaren bidez lortu nahi den helburuetako bat, alegia, Euskadi nazioarteko erreferente izatea zibersegurtasuneko teknologiak fabrikazio aurreratuko industriari aplikatzeko orduan.

Euskadiko Zibersegurtasun Zentroa ECSO sareko eskubide osoko kidea da urtarriletik. ECSO Europako zibersegurtasuneko sare handiena da, eta arloko administrazio publikoak, enpresak, ikerketa zentroak, elkarteak, eskualdeak eta askotariko erakundeak biltzen ditu.

Lankidetza Batzorde publiko-pribatua ECSOren eta Europako Batzordearen arteko komunikazio bide formala da, eta bertan eztabaidatuko da Horizontea 2020 ekimenaren barruan garatuko diren zibersegurtasuneko proiektuen lan programa eta I+G+B programa orokorrarekin erlazionatutako gaien inplementazioa. Gainera, jarraipena egingo die lankidetza publiko-pribatuko konpromisoei. Batzorde horren bitartez elkarrizketa ireki bat sortzen da ECSOko kideen artean, Europako Batzordearekin adostutako kontratuan aurreikusitako helburuak lortzeko.

Horrela, BCSC "buru-belarri" aritu da lanean azken sei hilabeteetan, balio ekarpenak eginez inbertsio, hezkuntza eta eskualde arloetako lantaldeetan. Hala, ECSOk uste du Euskadik lidergoa har dezakeela eta Lankidetza Batzordeko Europako eskualdeen ordezkari izan daitekeela.