Euskadik Gales gehitu du munduko eskualde liderrekin osatu duen aliantza estrategikora

Carwin Jones eta Iñigo Urkullu
IREKIA
Actualizado: jueves, 12 julio 2018 13:46

BILBO, 12 (EUROPA PRESS)

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Carwyn Jones Galesko ministro nagusiak lankidetza memoranduma sinatu dute ostegun honetan, euskal ordezkaritza Galesera egiten ari den bigarren bisita ofizialaren baitan, eta horrela, Galesek bat egin du Euskadi munduko eskualde liderrekin garatzen ari den Aliantza Estrategikoen Sarearekin.

Akordioaren bidez, bi aldeen helburua da zenbait gairen inguruko aldebiko harremanetan sakontzea, alegia, garraioaren azpiegituran, berrikuntzan, itsas energietan, nekazaritzako elikagaien industrian, prestakuntzan, zerga politikan, gizarte politiketan eta klima aldaketaren aurkako borrokan.

Era berean, Euskadik, Galesek eta beste bost gobernuk, Nafarroakoak tartean, proposamen formala egin diote Europako Batzordeari, legegintzako botereak eta errealitate nazional bereziak dituzten eskualdeen eginkizuna sendotzeko.

Cardiffen, Galesko Biltzarraren egoitzan egindako topaketan, Urkullurekin batera, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua eta Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia izan dira. Bilera amaitu ondoren, Jonesek eta Urkulluk akordioa sinatu dute. Azken urteotan zehazten joan den lankidetza egituratzen duen itunaren balioa nabarmendu du Urkulluk.

Bere esanetan, Brexitaren ondoriozko erronka eta ziurgabetasunak gorabehera, irekitzen diren aukera berriak aztertu behar dira. Horrela, Galesekin sinaturiko akordioaren bidez, "lankidetza bideak irekitzen dira zerga politikaren eremuan, hezkuntzaren, prestakuntzaren, teknologiaren, ingurumenaren eta klima aldaketaren aurkako borrokaren, itsas energien edo mugikortasuneko eta garraioko azpiegituren edo osasunaren eremuetan, besteak beste".

Halaber, kultura edo hizkuntza politikaren arloetan ere trukeak eta lankidetzak aurreikusi dira. "Mailaz mailako optikatik lankidetzan jardutea planteatzen dugu; hasteko, elkar hobeto ezagutu eta lan egiteko osagarritasun eremuak bilatzea", gaineratu du.

PROPOSAMENA

Halaber, Galesek eta Euskadik Europako esparruan "lankidetza gehiagoko handinahia" ere partekatzen dute. Horrela, Galesek, Euskadik, Brusela hiriburuak, Flandesek, Nafarroak, Piemontek eta Salzburgok Europako Batzordeari legegintzarako eskumenak eta errealitate nazional bereziak dituzten eskualdeen eginkizuna sendotzeko proposamen formala egin diote.

Urkulluk azaldu duen moduan, zazpi gobernuek Europako Batzordeari eskatu diote "maila anitzeko gobernamendu eredua errealitate eraginkor bilakatzeko beharrezko erabakiak hartzeko". Zehazki, proposatu du Maila Anitzeko Gobernamenduari buruzko Konbentzioa abiaraztea, Europako Konbentzioaren subsidiariotasuneko lantaldeak aurreratutako emaitzei helduko diena, zehazki, Eskualde Elkartuaren irudiari buruzko Lammassoure txostenari.

Gales lehentasunezko bazkide gisa dago identifikatuta Euskadi-Basque Country 2020 Nazioartekotzeko Esparru Estrategian. Hala katalogatu da, geografikoki hurbil dagoelako, sektore anitzeko loturengatik eta identitate handiko lurraldea delako. Akordio honen bidez, Gales Euskadiko Aliantza Estrategikoen Sarean sartuko da. Sareak, gaur egun arte, mundu mailan zazpi kide ditu: Quebec, Akitania Berria, Bavaria, Flandes, Querétaro, Jiangtsu eta Cundinamarca.

GALES

Galesek 3,1 milioi biztanle eta 20.782 kilometro koadro ditu. Galesko estrategia nazionalak bere gobernuak zehaztutako ongizatea lortzeko dituen lehentasunak honako hauek dira, besteak beste: industria, berrikuntza, mugikortasuneko eta garraioko azpiegiturak, gizarte politikak eta familia kontziliazioko politikak eta fiskalitatea. Azken arlo hori dela eta, 2016an sorturiko Ogasun Ministerioa apirilean hasi zen zergak biltzen, eta Galesek erakutsi du interesa duela Euskadiko Ekonomia Itunaren kudeaketa eta funtzionamendua ezagutzeko.

Ministro nagusiarekin batu eta akordioa sinatu aurretik, Urkulluk topaketa izan du Elin Jones Galesko Biltzarreko presidentearekin. Berak gidatu du euskal ordezkaritza biltzarraren eraikinetik eta berak azaldu dizkie ganberaren funtzionamendua eta haren arkitekturaren ezaugarriak. Azkenik, Urkulluk lan bilera izan du biltzarreko alderdietako kideekin.