Euskadiko 18 enpresa eta zentro tenkologikok EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatea bisitatuko dute asteazkenean

Actualizado: lunes, 11 febrero 2013 13:56

BILBO, 11 Feb. (EUROPA PRESS) -

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 18 enpresa eta zentro teknologikok parte hartuko dute asteazkenean, otsailaren 13an, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Zientzia eta Teknologia Fakultatean Ikerketa Teknologikoko Enpresa eta Zentroak aurkezteko egingo diren zortzigarren jardunaldietan. EHUko ikastegi honetako azken mailak egiten ari diren ikasleak lan munduan sartzearen inguruan orientatzea da helburua.

EHUk jakinarazi duenez, ekitaldiaren inaugurazioa goizeko 11:30ean izango da, Leioako campuseko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Grande Salle aretoan. Esther Domínguez Zientzia eta Teknologia Fakultateko dekanoak egingo die ongietorria edizio honetara etorritakoei.

Ondoren, 12:00etatik 14:00etara bitartean, enpresa eta zentro teknologikoak ikasleekin bilduko dira hainbat gelatan; beren enpresak aurkeztuko dizkiete, eta lanbide etorkizunaren inguruan orientatuko dituzte, ondorengo arloetan gehien eskatzen den profil zientifikoa zein den azalduz: Biozientziak, Fisika eta Ingeniaritza Elektronikoa, Matematika, Geologia eta Kimika, eta Ingeniaritza Kimikoa.

Bizigarri zientifiko eta teknologiko berriaren bila egiten den zortzigarren edizio honetan, honako erakunde hauek parte hartuko dute: Vacunek, OWL, Bial-Aristegui, Ineustar (Zientziaren Industriaren Espainiako Elkartea), GAIA klusterra, EMS2, ZIV, Azti-Tecnalia, Tecnalia Korporazioa, Eustat, Geologoen Elkargo Ofiziala, Energiaren Euskal Erakundea, Saiatek, Maier, Vidrala, Graphenea Nanomaterials eta Euskaltel. Bilerak amaitzean, lunch bat egingo da Fakultateko Grande Salle aretoan.

Hitzaldietan landuko diren gaien artean daude, besteak beste, immunoterapia antialergikoa, industria enplegagarritasun aukerak eta zientziaren industria sektoreko enpresa ekimenak, hiri adimentsuen aukerak eta iraunkortasuna, grafenoaren etorkizuna, matematika estatistika ofizialean, geologiako karrerak eta lanbide irteerak, eta zentro teknologikoak.