Euskadiko Arkitektura Institutua sortzeko hitzarmena sinatu dute Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Aldundiak

Denis Itxaso eta Iñaki Arriola
GIPUZKOAKO ALDUNDIA
Actualizado: viernes, 15 junio 2018 17:41

DONOSTIA, 15 (EUROPA PRESS)

Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak eta Denis Itxaso Gipuzkoako Aldundiko Kultura, Turismo, Gazteria eta Kiroletako diputatuak Euskadiko Arkitektura Institutua sortzeko bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmena sinatu dute. Institutuaren egoitza Donostiako Santa Teresa komentua izango da.

Ekitaldian, bi erakundeek institutu berriaren irudi korporatiboa aurkeztu dute, eta garatuko dituen edukien zertzelada nagusiak eta abian jartzeko aurreikusita duten egutegia azaldu dituzte. Arriolaren eta Itxasoren hitzetan, "akordioa mugarri bat da herritarren kultura arkitektonikoaren sustapenean. Halaber, zentro berriak "gizartean ondare kontzientzia sortzeko balio izatea" espero dute.

Euskadiko Arkitektura Institutua datorren udazkenean irekitzea aurreikusi dute, eta arkitekturaren arloan erreferentziazko zentro bilakatzeko asmoz sortu da. Mugak Euskadiko Arkitekturaren Nazioarteko Bienalaren bulego iraunkorra egongo da, eta haren egoitza nagusi izango da hurrengo edizioetan. Biurtekoen artean, zabalkunderako programazio zabala izango du, eta nagusiki publiko orokorrari zuzenduta egongo da.

Topaketarako eta arkitekturari, hiriari eta eraikitako inguruneari buruz eztabaidatzeko gunea izango da, berezko ekoizpen jardueren bidez. Halaber, beste erakunde batzuen ekarpenetara zabalik egongo da, eta nazioarteko eduki ibiltariak jasoko ditu.

Modu irekian kudeatuko da. Horrela, arkitektura ikertzea, zabaltzea eta sustatzea helburu dituen irabazi asmorik gabeko erakundeak hartu ahalko ditu, eta sinergiak ezarri Euskadin tradizio handiko arkitekturarekin lotutako erakundeekin, besteak beste, Arkitektoen Elkargo Ofizialarekin era Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitektura Goi Eskola Teknikoarekin.

Institutua bi helburu nagusirekin sortuko da: euskal arkitektura garaikidea zabaltzeko eta sustatzeko, batetik, eta arkitekturaren inguruan eta bere alderdi sozial, kultural eta ekonomiko ugariren inguruan jarduerak antolatzeko eta topaketarako erreferente iraunkor bilakatuko den espazioa izateko, bestetik.

Hitzarmenean aurreikusi da Gipuzkoako Aldundik KulturaSailak 1.386 metro koadroko espazioa lagatzea Santa Teresa komentuan. Eraikina balio historiko handikoa da eta 2004an birgaitu zen. Higiezina Donostiako alde zaharrean dago eta bertako lehen, bigarren eta hirugarren solairuan egongo da institutuaren egoitza.

Erakundeen arteko lankidetzaren esparruan, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak konpromisoa hartu du institutua sortzeko, egokitzapen gastuak bere gain hartzeko eta jarduerak egiteko baliabide teknikoak eta materialak eta giza baliabideak hornitzeko. Bestalde, Gipuzkoako Aldundiak Santa Teresa komentuaren eraikineko espazioak jarriko ditu institutuaren esku, eta eraikinaren funtzionamendu, mantentze lan eta kontsumoen gastuak hartuko ditu bere gain.

Agerraldian jakinarazi dutenez, jarraipen batzorde bat eratuko dute, institutu berriaren egiturak antolatzeko, eta bere gain dituen arkitektura sustatzeko eta zabaltzeko zereginen inguruko jarduerak programatzeko.