Euskadiko biztanleria okupatua 6.000 lagunetan gehitu zen 2014ko azken hiruhilekoan

Actualizado: viernes, 16 enero 2015 14:14
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 16 (EUROPA PRESS)

   Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) lan merkatuaren 2014ko laugarren hiruhileko datuen arabera, okupatuak 898.000 ziren, hau da, hiru hilabete lehenago baino 6.000 gehiago (%0,7), eta langabezia tasa %14,5 zen, aurreko hiruhilekoan bezala. Horrela, landunen eta langabeen bilakaeren ondorioz, jarduera tasa %57,5 zen 2014ko laugarren hiruhilekoan, aurrekoan baino %0,5 gehiago, Eustaten datuen arabera.

   Emakume okupatuak aurreko hiruhilekoan baino 3.500 gehiago izan ziren, eta gizonak 2.500 gehiago. Lurraldeka, okupatuak Gipuzkoan 2.300 gehiago ziren, Bizkaian 2.500 gehiago, eta Araban 1.100 gehiago. Sektoreka, Zerbitzuetan okupatuak 11.100 gehiago ziren, eta Lehen sektorean 300 gehiago. Eraikuntzan, aldiz, 1.700 gutxiago ziren, eta Industrian 3.700 gutxiago.

   Okupazio tasa -16 eta 64 urte arteko biztanle kopuruaren gainean landunek duten portzentajea- %64,8 zen, aurreko hiruhilekoan baino %0,5 gehiago. Tasa hori gizonezkoentzat %68,6 zen, eta emakumezkoentzat %61. Okupazio tasarik altuena Gipuzkoak zuen, %67,9, aurreko hiruhilekoaren aldean %0,5 gehiago; Arabak %65,6ko tasa zuen, %0,8 gehiago; eta Bizkaiak %62,7koa, %0,5 gehiago.

   Kontratu mugagabea zuten soldatapekoen kopurua gehitu egin zen iazko azken hiruhilekoan, 524.800era helduz. Aldi baterako kontratua zutenak (kontraturik ez dutenak barne) 189.300 izatera heldu ziren.

   Halaber, 2014ko laugarren hiruhilekoan zenbatetsi da EAEn gutxi gorabehera zeuden 856.700 (aurreko hiruhilekoan baino 600 gutxiago) familia etxeetako heren batean ez zegoela pertsona aktiborik. Erdia pasatxoan pertsona aktibo guztiak okupatuta zeuden, aurreko hiruhilekoan baino 3.700 familia gehiagotan; pertsona aktibo guztiak langabezian zituztenak 48.300 ziren (guztirakoaren %5,6), hirugarren hiruhilekoan baino 300 gutxiago.

LANGABEZIA

   Bestalde, langabeak, hots, lan bila aritu, bilatzeko kudeaketa aktiboak egin eta lanerako prest daudenak, urteko laugarren hiruhilekoan 152.300 zirela zenbatetsi da, 500 gehiago aurreko hiruhilekoan baino. Emakume langabeak -73.200- 3.600 gehiago, eta gizon langabeak -79.200- 3.000 gutxiago.

   Iazko laugarren hiruhilekoko datuen arabera, langabezia tasa %14,5 zen, aurreko hiruhilekoan bezala eta 2013ko hiruhileko berean baino %0,7 gutxiago. Gizonen langabezia %14,2ra jaitsi zen (%0,6 gutxiago), eta emakumeena %14,8ra heldu zen (%0,5 gehiago). Gazteen langabezia tasak altuena izaten jarraitu zuen (%40,1), eta 16 eta 24 urte bitarteko 17.300 gazte aktibo zeuden langabezian.

   Lurraldeka, Bizkaian langabezia %15,7 zen (1.000 pertsona gehiago), Araban %15,8 (100 gehiago), eta Gipuzkoan %12,1 (500 pertsona gutxiago). Eurostat Europar Batasuneko Estatistika Bulegoaren datuen arabera, 2014ko azaroan, 28-EBko langabezia tasa %10 zen, eta Espainiakoa %23,9.