Euskadiko erakunde guztiek bat eginda ospatuko dute Euskararen Nazioarteko Eguna

Actualizado: martes, 29 noviembre 2011 18:51

DONOSTIA, 29 Nov. (EUROPA PRESS) -

Lurdes Auzmendi Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak Jaurlaritzak Donostian duen egoitzan aurkeztu du komunikabideen aurrean abenduaren 3ko Euskararen Nazioarteko Egunerako prestaturiko ekitaldiak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) erakunde publiko guztiek bat eginda ospatuko dutela azpimarratu du.

Bilbon, Donostian eta Gasteizen antolatu diren ekitaldiez gain, aurtengorako bereziki Eusko Jaurlaritzak antolatu duen euskararen aldeko pilota partida ere aurkeztu du Auzmendik; Xala eta Barriola pilotariak izan ditu lagun agerraldian.

Hizkuntza Politikarako sailburuordeak gogoratu du 1949. urtean sortu zuela Eusko Ikaskuntzak Euskararen Nazioarteko Eguna eta euskararen balio unibertsala aldarrikatzen duela. Aurten, aldarrikapen hori "kolore ezberdinetako eragile guztiek" batera egingo dutela nabarmendu du, Eusko Jaurlaritzak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako diputazioek eta udalek batera ospatuko baitute Euskararen Nazioarteko Eguna.

Batasun hori dela-eta gustura agertu da Auzmendi. "Behin eta berriz esan dugu, ahalik eta adostasun sozial eta politikorik handiena daukan hizkuntza politika garatu nahi dugula gure gizartean dauden eragile sozio-politiko desberdinekin negoziatuz eta haien partaidetza integratuz", azaldu du.

Bere esanetan, Euskadiko hizkuntza politika "mundu guztian" goraipatu dute eta beste hizkuntza txiki askorentzako "jarraitzeko moduko eredua" izan dela. Horrela, adierazi du 30 urtetan euskara dakitenen kopurua %22 izatetik %37,5 izatera igaro dela, hau da, ia bikoiztu egin dela. Bere ustez, "hori ez da izan alderdi baten edota Gobernu baten lorpena soilik, gizarte osoarena baizik".

Datorren larunbaterako EAEko hiru hiriburuetan antolatu den egitarau betea aurkeztu du Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, abenduaren 3a ez ezik, berarentzat "egun guztiak" direla euskararenak aldarrikatu ostean. "Euskararen nazioartekotasunaren nahiz hizkuntzaren beraren defentsa egiteko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak hainbat egitasmo antolatzen lagundu die hainbat entitate edo elkarteri", gaineratu du.

HIRIBURUAK

Horrela, Donostian, "Euskara iruditan" izena duen argazki-mosaiko erraldoia eratuko da. Bertan, mota guztietako adierazleak bildu daitezke, adibidez, euskaraz dagoen udal agerkari zahar baten argazkia, lehen ikastola eta gau eskola baten argazkia, egungo txosten baten argazkia, errotulu batena eta abar. Horrez gain, azaroaren 30etik abenduaren 3ra jada ezaguna den Mintzodromoa antolatu da Boulevardean jarriko den karpan.

Bestalde, Gasteizen, abenduaren 2an Xabier Leteren omenezko kontzertua egingo da, eta larunbatean, Euskararen Nazioarteko Egunean, GazteHitz! kontzertu erraldoian, Lain, Kerobia, EH Sukarra, Txapelpunk eta Gatibu bezalako taldeek parte hartuko dute. Bilbon, azken urteetan bezala, Banden Lehia egingo dute, euskarazko musika talde ezberdinen artean.

PILOTA JAIALDIA

Abenduaren 2an, euskararen aldeko pilota jaialdia jokatuko da Donostiako Atano III.a pilotalekuan, gaueko 22:15ean. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak antolatutako jaialdian, Xala-Laskurain eta Bengoetxea VI.a-Barriola bikoteak ariko dira nor baino nor partida nagusian, eta bertaratzen diren guztiek ez dute sarrerarik ordaindu beharko. Helburua, ahalik eta euskaltzale gehien bertan egotea da euskarari arnasa eta bultzada eman diezaioten, eta jada 1.500 sarrera banatu dira.

Euskal kulturan eta bertako herritarren artean pilota erabat errotutako kirola izanik, gainerako kirol guztien ordezkaritzat hartu nahi izan da, kirolaren alorra ere, Euskararen Nazioarteko Egunean euskararekin bat dagoela adierazteko. Horrexegatik, partida nagusia jokatu aurretik euskararen aldeko adierazpena irakurriko dute pilotariek kantxan bertan.

Euskara bizirik nahi dutela aldarrikatzeaz gain, herritar guztiok euskara dagoen tokira eramatea lortu dutela azalduko dute, eta hitz emango dute euren hondar alea jarriko dutela euskara elkarrekin are urrunago eramateko.

Gaurko ekitaldia amaitzeko, Lurdes Auzmendik eskerrak eman dizkie pilota partida jokatuko duten lau pilotariei. "Gizarte honetako zati handi batentzat erreferenteak zarete, beraz, benetan eskertzen dizuet gaur hemen Eusko Jaularitzaren ekimenarekin bat egin izana euskararen aldeko partidan. Mila esker eta aurrerantzean era honetako ekimenetan parte hartzen jarraitzera animatzen zaituztet", esan du.