Euskadiko eskaintza turistikoa Berlingo ITB turismo azokan izango da

Actualizado: miércoles, 4 marzo 2015 10:13

BILBO, 4 Mar. (EUROPA PRESS) -

Berlinen ITB munduko turismo azokarik garrantzitsuena hasiko da asteazken honetan, martxoaren 4an, eta Euskadi eta bere eskaintza turistikoa han izango dira, Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismo sailburuorde Itziar Epalzak ordezkatuta.

Halaber, Jaurlaritzako lan ordezkaritzan Turismoko zuzendaria den Mertxe Garmendiak eta Basquetour Turismoaren Euskal Agentziako zuzendaria den Arantza Madariagak ere parte hartuko dute.

Euskadiren turismo interesentzat "lehentasunezko merkatua" da Alemania, eta horregatik, Eusko Jaurlaritzak espezializatutako eragile bat du han urtearen hasieratik, "Euskadi-Baskenland" izeneko standean asteazkenetik igandera bitartean egingo diren sustapen ekintzak planifikatzen lagundu duena.

Horrela, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, Euskadira iristen diren turista guztien %3 Alemaniatik datoz, eta turismo alemanak %23,5eko hazkundea izan du azken bost urteetan.

Bestalde, Alemanian ez ezik, Frantzian, Erresuma Batuan, Madrilen eta Katalunian ere egongo dira aurten turismo eragile espezifikoak, bai eta, besteak beste, Ipar Amerikako eta Beneluxeko merkatuetan ere, Jaurlaritzak eta SPRIk herrialde horietan dituzten kanpo ordezkaritzen bitartez.

"Euskadi-Baskeland" standak asteazken goizean irekiko ditu ateak. Profesionalak hartuko ditu astegunetan, eta azken hartzaileak asteburuan. Hasiera ekitaldia xumea izango da: Epalza eta Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko diputatu Imanol Pradales izango dira ekitaldiaren buru eta standa antolatu eta sustatu duten erakundeen ordezkari.

Ostegunean, martxoaren 5ean, euskal ordezkariek turismogunea eta bere eskaintza aurkeztuko dizkiete Alemaniako bidaia antolatzaileei eta hedabide talde bati; horrez gain, euskal gastronomia dastatzeko aukera ere izango dute. Halaber, Euskadiko zenbait turismo enpresek beren eskaintzak merkaturatuko dizkiete Alemaniako agenteei azokak iraun bitartean.

Asteburuan hainbat kultura-jarduera ere egongo dira herritarrentzat oro har, hala nola txalapartaren erakustaldia eta pintxo dastatzea.