Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoen finalek 2.500 bat gazte bilduko dituzte Gasteizen

Iazko finaletako bat
EUSKO JAURLARITZA
Actualizado: jueves, 25 mayo 2017 13:10

GASTEIZ, 25 (EUROPA PRESS)

Euskadiko 36. Eskolarteko Kirol Jokoen finalek 2.500 gazte inguru bilduko dituzte Gasteizen datozen bi asteburuean, maiatzaren 27 eta 28an eta ekainaren 3 eta 4an. Urtean zehar euren lurraldeetan eskola kirolaren baitan jokatutako txapelketen irabazleak izango dira hitzordu honetan, guztiak Lehen Hezkuntzako seigarren mailako eta DBHko lehenengo eta bigarren mailako ikasleak.

Ikasturtean zehar ikasle gazteek egindako kirol ekintzen azken emaitza dira Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoen finalak. Berez, lurralde historikoetako foru erakundeen eskumena da eskola kirola eta udal administrazioekin lankidetzan garatu ohi dute. Halere, Eusko Jaurlaritzak kirol jarduera hori arautzeko legedi orokorra kudeatzen du eta, horrez gain, Kirol Jokoen finalak antolatzen ditu. Beraz, bi asteburuz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskola kirolaririk onenak elkarren arteko lehian arituko dira. Finalen egoitza urtez urte txandakatzen da lurraldeen artean.

Eskola Kirolaren helburu nagusia eskolako ikasleen heziketa garapena osatzea da, eta aukera berdintasuna aintzat hartuz, haurraren heziketa bultzatzen da. Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Kirol eta Jarduera Fisiko zuzendaria proiektuaren alderdi hau azpimarratu du: "Heziketa prozesuan ezinbestekoak diren hainbat balio lantzen dira Kirol Jokoen bitartez. Kirola egiteko ohitura sustatzen da eta osasunarekin, kiroltasunarekin eta balioekin lotzen da jarduera fisikoaren praktika".

Proiektu honen barruan "Kirolari gazteen eskubideak" deritzon testua garatu da. Proposamen honek bat egiten du proiektuaren filosofiarekin. Tartean, ekimenaren ikuspegi hezigarria azpimarratzen da eta kirolaren bitartez ondo pasatzeko eskubidea nabarmentzen da, bai eta duintasunez tratatua izatekoa edota txapeldun ez izateko eskubidea ere.

Euskadi mailako Eskolarteko Kirol Jokoen 36. edizioa izango da aurtengoa. Urte hauetan guztietan gerora kirolaren elitera heldu diren hainbat kirolari pasatu dira final horietatik. Autengo finaletan ondoko modalitateak izango dira: aerobic, xakea, atletismoa, saskibaloia, eskubaloia, txirrindularitza, futbol 11, futbol 7, areto futbola, gimnasia erritmikoa, judoa, karatea, euskal pilota (diziplina ezberdinekin), tenisa, mahai tenisa, boleibola, hondartza boleibola, padela eta igeriketa.