Euskadiko Gazteak Lankidetzan programan 464 gaztek eman dute izena aurten

Programan aurten parte hartu duten gazteak
IREKIA
Actualizado: viernes, 10 marzo 2017 13:22

GASTEIZ, 10 (EUROPA PRESS)

Beatriz Artolazabal Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua gazte talde batekin elkartu da ostiral honetan Ozaetan, Arabako Aldundiaren Barriako aterpetxean. Gazteok hainbat elkarteren eta GKEren arduradunekin elkartuko dira asteburuan, eta, hainbat jarduera eta elkarrizketaren ondoren, guztien artetik 100 hautatuko dituzte aurtengo udan, Euskadiko Gazteak Lankidetzan programaren baitan, munduko hainbat tokitako lankidetza proiektutan parte hartzeko. Aurten guztira 464 gaztek eman dute izena eta martxoaren 25ean jakingo dira hautatuen izenak.

Euskadiko gazte boluntarioek garapenerako lankidetza lanetan duten aukera nabarmendu du Artolazabalek. "Izan ere, lan horrek gizatasun eta elkartasun arrasto positiboa utziko du gazte horiengan, eta bizitza osoan baliatuko dute euren lanetan eta harreman sozialetan, era horretara gizartea justuagoa izan dadin lagunduz", gaineratu du.

Aurten, guztira, 464 gaztek eman dute izena Euskadiko Gazteak Lankidetzan programan parte hartzeko. Parte hartzaileak aurrez proposatzeko eta, ondoren, azken hautaketa proposamena egiteko, Hautaketa Batzordea eratu zen.

Batzordea Lakuan elkartu zen martxoaren 2an parte hartzaileen lehen aukeraketa egiteko, eta bertan eskaera guztiak baloratu ziren eta pertsona bakoitzaren ezaugarriak balioetsi ziren. Balorazioa egin ondoren, Hautaketa Batzordeko kideek 220 lagun proposatu zituzten aho batez lehen hautaketan, eta horiek parte hartuko dute asteburu honetako hautaketa fasean. Bestalde, 43 ordezko proposatu zituzten bakarren batek uko egiten badio.

Egonaldian Hautaketa Batzordeak 100 pertsona hautatuko ditu gehienez, eta horiek hartuko dute parte informazio eta orientazio aldian. Beste 50 pertsona ere hautatuko dituzte norbaitek uko egingo balio.

Fase honetan balioetsiko da, batetik, lehen hautaketan aukeratutako pertsonaren egokitasuna, bileran egindako elkarrizketaren emaitza aintzat hartuta, eta elkarrizketa horretan lehen hautaketan aukeratutako pertsonak proiektuan banaka sartzeko dituen gaitasun pertsonalak, motibazioak eta abar ebaluatuko dira, %50 gehienez; bestetik, ebaluatuko da lehen hautaketan aukeratutako pertsonaren profila zenbateraino egokitzen zaien hautatutako lankidetza proiektuen ezaugarriei, %50 gehienez. Martxoaren 26an jakingo dira hautatutako pertsonen izenak.