Euskadiko haritz amerikarrak eraikuntzarako duen erresistentzia zehazteko ikus-sailkapena burutu du Zuraren Mahaiak

Actualizado: viernes, 17 junio 2011 13:04

BILBO, 17 Jun. (EUROPA PRESS) -

Euskadiko Zuraren Mahaiak Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) haritz amerikarraren erresistentziaren ikus-sailkapena egiteko eskatu dio CESEFOR zentroari. Helburua zur honen erresistentzia maila zehaztea da, batez ere eraikuntzari begira, tokiko zura erabiltzea "ezinbestekoa" baita baso-sektorea berpizteko, garapen ekonomikoaren alde egiteko eta eraginkortasun energetikoa eta iraunkortasunaren oinarrizko irizpideekin bat egiteko, Zuraren Mahaiko arduradunek adierazi dutenez.

Aipatu iturrien arabera, bertoko zuraren kalitatea erakusteko, eman beharreko lehenengo pausoa bere ezaugarriak sailkatzea da, eta helburu horrekin, Euskadiko Zuraren Mahaiak zurak Estatuko eta Europako araudiekin sailkatzeko karakterizazio mekanikoaren ikerketak burutu ditu. Azkena, INIA Madrilgo Nekazaritza-Ikerkuntzako Institutuak burututako "Euskadiko radiata pinuz egindako habe lodiko eskuaraldien ezaugarriak aztertzeko txostena" izan da.

Entseguei esker flexio erresistentzia, tokiko elastikotasuna, elastikotasun orokorra eta dentsitate datuak eskuratzen dira. Datuak aztertu eta laginaren erresistentzia maila lortzen da, tresna honi esker zerrategiek beren zuraren egiturazko sailkapena egin ahal izateko.

Ikerketa burutzeko 45 habeetako hiru sorta ezberdinak erabiltzen dira, honako neurriekin: txikiak 14*8*300, ertainak 15*10*350 eta handiak 20*15*400. Laginaren ordezkatze geografikoa bermatzeko, ikertzen ari den eremuko gutxienez hiru jatorri ezberdineko materiala erabiltzen da. Goikoetxeandia zerrategi gipuzkoarrak eman du materiala entsegurako.

Lan hauen bitartez, Euskadiko Zuraren Mahaiak tokiko zuraren eraikuntzarako erabilpena sustatu nahi du, txosten ofizialek materialaren kalitatea bermatzen eta beren ezaugarri bikainak baieztatzen baitute. Proiektuaren garrantzia kontuan hartuta, Gipuzkoako Foru Aldundiak %50ean finantziatu du lana.