Euskadiko herritarren %9 etxebizitza galtzearen beldur da

EAEko herritarren %9 etxebizitza galtzearen beldur da
Foto: IREKIA
Actualizado: viernes, 22 febrero 2013 14:24

BILBO, 22 (EUROPA PRESS)

   Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) herritarren %9 etxebizitza galtzearen beldur da, eta gehienek, etxetik bidalia izan den edo izateko puntuan dagoen inor ezagutu gabe (%88) eta norbera arriskuan egon gabe (%91), etxe-gabetzeen auzia "arazo sozial" larritzat jotzen dute.

   Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzak egindako inkesta baten arabera, herritarren %88k ez du inor ezagutzen etxetik bidalia izan dena edo izateko arriskuan dagoena, eta %91k ez du bere burua etxe-gabetua izateko arriskuan ikusten. Hala ere, etxe-gabetzeen arazoaren larritasun maila 8,9an kokatzen dute inkestatuek (0tik 10erako eskalan).

   Zentzu berean, hamarretik zazpik (%71) uste dute etxe-gabetzeen gaia "arazo soziala" dela (denoi eragiten diguna), eta hamarretik bik (%19) uste dute arazo pribatua dela (zorra duten pertsonen eta bankuen artekoa).

   Zehazki, ehun pertsonatik sei datozen bost urteetan kaleratua izateko arriskuan egon liteke. Gainera, %3 datozen bost urteetan kaleratua izateko arriskuan egon daiteke eta beste %3 agian arriskuan egongo da. Biztanleen %91k, berriz, ez du bere burua kaleratua izateko arriskuan ikusten.

   Norberaz aparte, elkarrizketatuen %11k norbait ezagutzen du kaleratua izan dena edo kaleratua izateko puntuan dagoena, eta %88k berriz ez dute inor ezagutzen egoera horretan.

   Gauzak horrela, etxe-gabetzeen arazoa konpontzeko guztiok parte hartu behar dutela uste dute inkestatuek, eta arazoaren gainean egin daitekeen guztia ongi ikusia da.

   Etxe-gabetzeen auzia konpontzeko ardura eragile ezberdinen artean banatzen da: Gobernu zentrala (%39), bankuak (%20), Eusko Jaurlaritza (%17), Diputatuen Kongresua (%6), Eusko Legebiltzarra (%3), zorrak dituzten familiak (%2) eta beste batzuk (%4). Era berean, auziari irtenbidea emateko hainbat eragile sozialek proposatutako neurriek gehiengoaren babesa jaso dute.