Euskadiko lan merkatuak 34.000 langabe hartu ditu azken urtean

Actualizado: miércoles, 4 mayo 2016 12:14

BILBO, 4 May. (EUROPA PRESS) -

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) lan merkatuak 34.000 langabe hartu ditu azken 12 hilabeteetan, Sara de la Ricak zuzentzen duen Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) ikerketa taldeak eginiko 2016ko lehen hiruhilekoari dagokion Euskadiko Lan Txostenaren datuen arabera. Txostenak biztanleria aktiboaren inkestako datuak hartu ditu.

Horrela, Euskadin, biztanle helduen lan osaerari dagokionez, azken 12 hilabeteotan 16 urtetik gorako pertsonak 4.700 gutxiago dira, eta landunak 34.000 gehiago. Gainera, 36.000 langabe gutxiago daude (lan merkatuak hartu dituen pertsonez gain, lana bilatzeko ahaleginak baztertu dituztenak edota Euskadi utzi duten lagunak sartzen dira hemen), eta inaktiboak 6.700 gehiago dira.

"Balantze gisa, dudarik gabe, berri ona da langabeen kopurua ia-ia landunen kopuruaren neurri berean murriztu izana, horrek esan nahi baitu nagusiki lan merkatua dela (eta ez inaktibitatea) langabeziaren beherakada horren erantzule. Bigarrenik, inaktibitatearen gorakada, funtsean, gure gizartea zahartzearen emaitza da: lan merkatutik irteten diren pertsonak ezin dira konpentsatu lan merkatuan sartzen direnekin. Zalantzarik gabe, zahartzearen fenomenoa da Euskadik dituen erronka handi eta premiazkoenetako bat", adierazi dute lanaren egileek.

Krisialdia baino lehenagoko okupazio mailetara iristeko (heldu guztien %54), Euskadik %4 bat puntu berreskuratu beharko ditu okupazioaren arloan, eta horretarako, lan merkatuak langabeak hartu beharko lituzke. Euskadin gaur egun dagoen biztanleria heldua kontuan hartuta, lan merkatuak 70.000 pertsona inguru hartu beharko lituzke okupazioaren %54 lortzeko, hots, Euskadin aurten lanean hasi den pertsona kopurua halako bi.

Alabaina, lan merkatua epe laburreko langabeak ari da hartzen orain, eta enplegua lortzeko arazoak nabarmen ugaritzen dira langabezia denbora areagotzen den heinean. Hori dela eta, "oso garrantzitsua da kolektibo hori modu egokian aktibatzea, lana berreskuratuz eta enplegu eskaria handituz doan heinean lan merkatuan hasteko moduan egon daitezen".

Euskadin 904.700 pertsonak daukate enplegua. Gizonezkoetan gehiago igartzen da enpleguaren hobekuntza emakumezkoetan baino. Landunen artean gero eta gehiago dira 45 urtetik gorakoak, eta oso gutxi 25 urtetik beherako gazteak, lana lortzeko zailtasunak baitituzte. Euskadin, 100 landunetik 3k baino ez dituzte 25 urte baino gutxiago.

INDUSTRIA

Bestalde, industria pisua irabazten ari da Euskadiko enpleguan. Azken 12 hilabeteetan, sektore horrek ia %2 puntu irabazi ditu enpleguaren alorrean: 100 landunetik 22 industrian dabiltza. Krisia baino lehenago, industriak %24ko intzidentzia zuen enpleguan.

Berreskuratze hori albiste ona da, baina, halere, kontuan hartu behar da teknologiaren garapen bizkorraren eraginez berrikuntzaren aldeko apustu irmoak egin behar direla lehiakor izaten jarraitzeko, eta horrek, askotan, Euskadiko enpresa gehienek orain dutena baino tamaina handiagoa eskatzen du.

"Berrikuntzaren eta nazioartean zabaltzearen aldeko apustu hori da, dudarik gabe, euskal industria sektoreak etorkizun hurbilerako mahai gainean dituen erronka handienetako bat. Izan ere, erronka horri aurre egin behar diogu balio erantsi handiko jarduera eta enplegua sortzen duen komunitate bat izaten jarraitzeko", adierazi dute.

Halaber, Euskadin oraindik ere gora egiten ari da aldi baterako kontratazioen intzidentzia, eta estatu osoko aldi baterako kontratazioaren proportzioari hurbiltzen ari da jada, hau da, soldatapeko enplegu osoaren %25ari. 2007an, Euskadiko aldi baterako kontratazioaren pisua estatu osokoa baino zertxobait txikiagoa zen (%28, %32ren aldean); orain, ordea, ia-ia parekoak dira Euskadiko eta estatuko aldi baterako kontratazioen tasak.

Aldi baterako kontratazioek, batez beste, bi hilabete baino gutxiago irauten dute, eta ez datoz bat Euskadik dituen erronka handiekin; izan ere, alde batetik, balio erantsi handia sortuko duen ekonomia baten aldeko apustua egin behar da, eta, bestetik, gure gazteei lanerako aukera onak eman behar dizkiegu, hemen lan baldintza egokiak ez dituztelako Euskaditik alde egin behar izan ez dezaten.

LANGABEAK

Euskadin, gaur egun, 126.000 langabe daude, eta langabezia tasa %16,4tik %12,8ra murriztu da. Euskadi da, gaur-gaurkoz, Espainiako eskualde guztietatik langabezia tasa txikiena duen komunitatea, eta langabezia tasaren beherakada handiena izan duten eskualdeetako bat.

Langabeen kolektiboaren osaerari eta aldaketari erreparatuta, epe luzeko langabeziaren intzidentzia nabarmen txikitu da azken 12 hilabeteetan: %67tik %63ra. Egia da 100 pertsonatik 63k urtebetetik gora daramatela lanik gabe eta hori "arazo kezkagarria eta larria" dela langabezia sufritzen duten pertsona eta etxe guztientzat; alabaina, aurreko hiruhilekoan behintzat ez da handitu proportzio hori. Gainera, 2015eko lehen hiruhilekoarekin alderatuta, ikusi da Euskadi jada ez dela Espainiako eskualde guztietatik epe luzeko langabezia handiena duen eskualdea.

"Ikusirik epe luzeko langabe asko 45 urtetik gorakoak direla eta 12 hilabete hauetan 45 urtetik gorako pertsona ugari hasi direla lanean (hala termino erlatiboetan nola absolutuetan), pentsatzekoa da epe luzeko langabeziaren beherakadaren zati bat lan merkatuak eragin duela. Ezinbestekoa da erakundeek ahalegina egitea epe luzeko langabeak aktibatzeko, enplegua lortzeko zailtasun gutxiago izan dezaten eta, jarduera ekonomikoa areagotuz doan heinean, lan merkatuan hasteko prest egon daitezen", adierazi dute lanaren egileek.