Euskadiko Liburutegi Publikoen Sareko irakurleen kopurua bikoiztu egin da 2004an abiatu zenetik

biblioteca
EP
Actualizado: viernes, 4 febrero 2011 14:32

BILBO, 4 Feb. (EUROPA PRESS) -

Bost urte igaro dira 2004an Euskadiko Liburutegi Publikoen Sarea abian jarri eta Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) liburutegiek sarean lan egitea eta sarean zerbitzua ematea erabaki zutenetik, eta balantze "oso positiboa" egin dute bere arduradunek, irakurketa eta mailegu kopuruaren hazkundea "berebizikoa" izan baita, esaterako, irakurleen kopurua bikoiztuz bost urteotan.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak kudeatzen du Euskadiko Irakurketa Publikoaren Sarea; EAEko 172 liburutegik osatzen dute Sarea, 217 zerbitzu-tokitan eta 224 sukurtsaletan banaturik.

Sareko arduradunek jakinarazi dutenez, 2004an, proiektua abiatu zenean, Sareko irakurleen kopurua 200.000koa zen, eta bost urte igaro eta gero, kopurua 416.000tik gora dabil, hau da, bikoiztu egin da. Bost urte hauetako datuek erakusten dute urtez urte gorakako joera izan dela, eta, zehazki, 2008tik hona 38.0000 irakurle berri eskuratu dira.

Era berean, maileguen kopuruak ere "izugarri igo dira, eta horrek erakusten du herritarrek biziki estimatzen dutela zerbitzua". Izan ere, sareko lana hasi zenean 306.902 mailegu egiten ziren urtean, eta 2009an, aldiz, 1.985.780 izan dira; 2008aren aldean, 2009an %10eko gorakada izan da: 200.000 mailegu berri.

Euskadiko Irakurketa Sare Publikoak bost urte hauetan egin duen ibilbidean jasotako beste datu adierazgarri bat da erabiltzaileek gero eta gehiagotan jotzen dutela bide telematikora funtsetan kontsultak egiteko eta Sareko zerbitzuak erabiltzeko. Arlo horretan OPAC (On Line Public Access Catalog) katalogoan egindako kontsulten kopuruari erreparatuta, aldea "ikaragarria" da: 2004an 216.755 kontsulta egin ziren, eta 2009an 1.247.377, hau da, %575 gehiago.

Bestelakoei dagokienez, hots, funtsak, liburu-bildumak, aldizkariak, CDak, mapak, planoak edo partiturak, iazko hazkundeari eutsi zaio, eta 250.000 ale berri baino gehiago eskuratu dira.

Euskadiko Liburutegi Publikoen Sarearen kudeaketa Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Liburutegi Zerbitzuari badagokio ere, ezin da ahaztu eguneroko lana egin behar dutenak liburutegi bakoitzean dauden profesionalak direla, haiek baitira, azken batean, Euskadiko liburutegi-zerbitzuak hedatzeko elementu giltzarriena.

BERRITASUNAK

Eusko Jaurlaritzako Liburutegi Zerbitzuak zerbitzu berri bat jarri du martxan liburu hiztunak edo audioliburuak lortzeko, horrela irakurketaren eskuragarritasuna eta zabalkundea hobetzeko. Lehenengo fasean, 80 liburu jarri dira herritarren eskura. Liburuok deskargatu ahal izateko, beharrezkoa da Irakurketa Publikoaren Sareko partaidea izatea.

Audioliburuak zera dira, narratzaile profesional batek ozenki irakurritako liburu baten edukiaren grabazioa. Ahots bakar batek irakurritakoak dira, jatorrizko lanen bertsio osoak erreproduzitzen dituztenak.

Erabilgarriak dira irakurketa ohikoa ezinezkoa denean, adibidez ikusmen arazoak daudenean. Gainera, hizkuntzen ikaskuntza laguntzen dute eta begirada liburuan finkatu ezin den egoeretan ere erabil daitezke: garraio publikoan, kirolean, lan errepikakorrak eta abar.

Hartzaileak izan daitezke, bai umeak, ohituak baitaude ipuinak eta kontakizunak entzuten, bai ikusmena urritua dutenak ere edota irakurtzeko astirik ez dutenak, zeren eta liburuen entzunaldia bateragarria baita beste zeregin edo eginkizunekin. Egokiak dira, baita ere, bidaia luzeak -trenez, autoz, hiri-garraioan- egiten dituztenentzat, eta hizkuntzak ikasten ari direnei ere oso ondo etorriko zaizkie, irakurtzeko ohiturarik ez dutenei edo liburuetara beste era batean hurbildu nahi dutenei.

Zerbitzu berri honek eskainiko duen katalogoak liburu klasikoak eta gaur egunekoak ditu, sei kategoriatan banatuta: autolaguntza-enpresa, gazte-haurrak, eleberria, pentsamendua, kontakizunak eta klasikoak. Bilaketak egilearen eta izenburuaren arabera egin daitezke eta lan bakoitzaren informazio xehea eskaintzen da: identifikazio-datuak, azalaren irudia, edukiaren laburpena, narratzailearen izena, iraupena eta lagin baten entzunaldia.