Euskadiko txikizkako merkataritzaren salmentak %3,1 jaitsi ziren 2012an

Salmentak behera 2012an txikizkako merkataritzan
Foto: Europa Press
Actualizado: martes, 5 febrero 2013 11:24

BILBO, 5 (EUROPA PRESS)

   Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) txikizkako merkataritzaren salmentek %3,1eko jaitsiera nominal metatua izan zuten 2012. urtean, eta gasolindegiak sartu gabe, gainerakoen salmentetan %3,8ko jaitsiera izan zen, 2011koen aldean. Termino errealetan, sektorea osorik %5,3 jaitsi zen, eta gasolindegirik gabe %5,2.

   Eustatek landutako datuen arabera, lurraldeka, tasa nominaletan, Araba jaitsi zen gutxien, %1,4ko murrizketarekin; Gipuzkoan %3,4 jaitsi zen, eta Bizkaia %3,5. Prezio finkoetan ere jaitsierak izan ziren: Araban %4,5ekoa, Bizkaian %5,3koa eta Gipuzkoan %5,7koa.

   Halaber, Eustaten datuen arabera, 2012. urtean txikizkako merkataritzaren enpleguaren galera %3,8 izan zen Euskal Autonomia Erkidegoan, aurreko urteko batez bestekoaren aldean.

   Bestalde, urteko laugarren hiruhilekoan, EAEko txikizkako merkataritzaren sektorean salmenta nominalak %4,2 murriztu ziren, aurreko urteko hiruhileko beraren aldean. Gasolindegiak sartu gabe, sektoreko salmentak %5,0 jaitsi ziren urte artekoan. Aurreko hiruhilekoaren aldean, salmenta-indizea %2,8 nominala jaitsi zen, urtaroen eraginak kenduta.

   Elikagaien salmenta nominalak %3,7 murriztu ziren 2012ko laugarren hiruhilekoan, gainerako produktuenak %6,0 jaitsi ziren eta automobilgintzarako erregai-salmenta %1,4 igo zen, beti ere 2011ko aldi beraren aldean.

   Elikagaien txikizkako merkataritzan espezializatua %5,5 jaitsi zen, eta elikagaiak nagusi diren ez-espezializatuan %2,8. Gainerako produktuen txikizkakoan %0,8ko igoera izan zen gainerako produktuak nagusi diren ez-espezializatuan, eta indar ezberdinetako jaitsierak gainerako sektoreetan. Etxeko ekipamenduaren espezializatuan %11,2ko jaitsiera izan zen, pertsonaren ekipamenduan %6,0koa eta kontsumoko beste ondasunetan %3,5ekoa.

   Lurraldeka, 2012ko laugarren hiruhilekoan txikizkako sektoreko salmenta nominalak %4,8 murriztu ziren Bizkaian urte artean, jaitsierarik handiena izanik; Gipuzkoan %4,3ko jaitsiera izan zen, eta Araban %2,2koa.

   Prezio finkoetan, hau da, prezioen efekturik gabe, txikizkako merkataritzaren salmentak %7,0 murriztu ziren iazko laugarren hiruhilekoan. Txikizkako salmentek -gasolindegiak sartu gabe- %7,4ko jaitsiera erreala -prezio finkoetan- izan zuten aurreko urteko hiruhileko beraren aldean.

SALMENTA ERREALAK

   Bestalde, 2012ko laugarren hiruhilekoan, Euskadiko txikizkako merkataritzaren salmenta errealetan %3,1eko jaitsiera izan zen hirugarren hiruhilekoaren aldean eta urtaro-eraginak kenduta.

   Elikagaien txikizkakoan jaitsiera erreala %6,5 izan zen, gainerako produktuetan %8,0 eta automobilgintzarako erregai-salmentetan %5,3, 2011ko hiruhileko beraren aldean.

   Elikagaien txikizkakoan urte artekoak negatiboak izan ziren bai espezializatuan (%-7,6), bai elikagaiak nagusi diren ez-espezializatuan (%-5,6). Gainerako produktuen merkataritzan, jaitsierak izan ziren sektore guztietan: etxearen ekipamenduan %11,7koa, pertsonaren ekipamenduan %8,3koa, kontsumoko beste ondasunetan %5,2koa eta beste produktuak nagusi diren ez-espezializatuen salmentetan %2,1ekoa, beti termino errealetan.

   Hiru lurraldeetan izan ziren jaitsierak salmentetan termino errealetan: Bizkaian %7,4koa, Gipuzkoan %7koa Araban %5,4koa. Azkenik, Euskadi osoan, hirugarren hiruhilekoaren aldean, merkataritzako sektorean landunen kopurua %0,7 murriztu zen laugarren hiruhilekoan.