Euskadiko Zibersegurtasun Zentroak zibermehatxuetatik babestuko ditu .eus domeinuak

Bi erakundeen arteko akordioa
SPRI
Actualizado: lunes, 18 junio 2018 10:45

BILBO, 18 (EUROPA PRESS)

SPRI Taldean integratuta dagoen Euskadiko Zibersegurtasun Zentroa eta PuntuEUS Fundazioa lankidetzan arituko dira nabigazioa eta .eus domeinuak mehatxuetatik babesteko. Zehazki, bi antolakundeek elkarri lagunduko diote .eus domeinuetan eragina duten zibersegurtasun gertakariak kudeatzen eta domeinu horiek babesten. Lankidetza hori finkatzeko akordio bat sinatu da, gehienbat Euskadin eragiten duten zibermehatxuak elkarrekin identifikatzeko.

PuntuEUS Fundazioak adierazi duen bezala, akordio honi esker, fundazioak alde batera utziko ditu merkatuko konponbide estandarrak, oraintsura arte .eus domeinuen komunitatea zaintzen zutenak. "Tresna propio bat garatuko dugu Euskadiko Zibersegurtasun Zentroarekin, merkatuko tresnekin lortu ezin den segurtasun maila lortzeko. Ekimen aitzindaria da, eta horri esker, .eus munduko domeinu seguruenetakoa izango da", azaldu du.

2013ko ekainaren 14an ICANN sareko domeinuak kudeatzen dituen erakundeak .eus domeinua sortzea onartu zuenetik, euskararen eta Interneteko euskal kulturaren topagunea da. Euskal komunitate digitalarentzako aitortza hori posible izan da PuntuEUS elkarteak urtetan eginiko lan gogorrari esker.

Iaz 7.000tik gora .eus domeinu erregistratu ziren, eta Euskadiko Zibersegurtasun Zentroarekin itxitako lankidetza akordioak erantzuna ematen dio hazten jarraitzeko premiari.

Halaber, SPRIk jakinarazi duenez, lankidetza horrek erakusten du era guztietako erakundeen arteko lankidetza beharrezkoa dela zibersegurtasun arloko mehatxuei aurre egiteko, eta hori azpimarratu zuen Euskadiko Zibersegurtasun Zentroak maiatzaren hasieran Bilbon egin zen NextSecure ekitaldian. Zibergaizkileek gero eta teknika aurreratuagoak erabiltzen dituzte eta elkarren artean antolatzen dira eraso bateratu eta globalak egiteko, halako gisaz non zibersegurtasunaren sektoreko eragile guztien lankidetza estua baita beren lana eragozteko bide bakarra.

Horrela, Euskadiko Zibersegurtasun Zentroak aktiboki jarraituko du lankidetza akordioak bilatzen eta ixten tokiko eragileekin (PuntuEUS Fundazioaren kasua), Estatukoekin eta nazioartekoekin. Zentzu horretan, Zibersegurtasunerako Institutu Nazionalak Euskadiko Zibersegurtasun Zentroaren ebaluazio bisita egingo du, euskal zentroa FIRST sareko eskubide osoko kide izan dadin zibersegurtasun arloko gertakariei erantzuteko lantaldeen munduko antolakunde handienean.