Euskadin 2.571 ezkontza egin ziren 2012ko hirugarren hiruhilekoan, urtebete lehenago baino %9,1 gutxiago

Actualizado: viernes, 8 marzo 2013 11:26

BILBO, 8 Mar. (EUROPA PRESS) -

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 2.571 ezkontza izan ziren 2012ko uztail, abuztu eta irailean, aurreko urteko hiruhileko berean baino %9,1 gutxiago. Arabarrek 376 ezkontza ospatu zituzten, gipuzkoarrek 825 eta bizkaitarrek 1.302, eta EAEtik kanpo biziko direnen kasuan, ezkontzak 68 izan ziren, Eustaten datuen arabera.

Bestalde, 2012ko hirugarren hiruhilekoan ezkontzen %61,5 zibilak izan ziren, aurreko urteko aldi berean baino %3,7 gehiago. Era berean, proportzio hori 2012ko bigarren hiruhilekokoa baino txikiagoa da, aldi hartako ezkontzen %69,1 zibilak izan baitziren.

Ezkontideek eztei-egunean zuten adinari erreparatuta, senarren artean, %83,3k 30 urtetik gora zituzten, eta emazteen artean, berriz, %69,5ek. Aurreko urteko aldi beraren aldean, proportzioa bi sexuetan handitu zen: 2011an emakumeen %67,4k zeuzkaten 30 urte baino gehiago, eta gizonen artean %80,9.

2012ko hirugarren hiruhilean izandako 2.571 ezkontzetan, bizilekua EAEn zuten 2.480 gizonezko eta 2.520 emakumezko ezkondu ziren. Horietatik 2.262 senarrentzat (%91,2) lehen ezkontza izan zen, eta 18 alargun eta 200 dibortziatu berriro ezkondu ziren. Lehen ezkontza zuten emakumeen portzentajea gizonezkoena baino zertxobait altuagoa izan zen: aurretik ezkondu gabeko emakumeak 2.293 (%91) izan ziren, alargunak 9 eta dibortziatuak 218.

Bestalde, 2012. urteko udako hilabeteetan zehar izandako ezkontzetan, gizonen %4,5 eta emakumeen %7,2 ez zuten espainiar nazionalitatea.

Azkenik, ezkontzarik gehien (1.118) uztailean izan ziren, eta ondoren (1.110), irailean. Bestalde, aurrekoetan bezala, ezkontzarik gutxien (343) izandako udako hila abuztua izan zen, aurreko urteko hil beraren aldean %8,8 gutxiago.