Euskadin 50 milioi errezeta elektroniko egin dira, 2013ko apirilean zabaltzen hasi zenetik

50 milioi errezeta elektroniko egin dira jada
Foto: Europa Press
Actualizado: viernes, 26 junio 2015 15:23

BILBO, 26 (EUROPA PRESS)

   Euskadin 50 milioi errezeta elektroniko baino gehiago egin dira, 2013. urteko apirilean ezartzen hasi zenetik aste honetara arte. Herrialdeka, Araban 6.908.226 errezeta elektroniko eman dira, Bizkaian 26.874.094 eta Gipuzkoan 16.168.789. Errezeta elektronikoen sistema 24 ordutan eta urteko 365 egunetan dago martxan gaur egun.

   Aurten, ekainaren 24ra bitartean, 15.647.612 errezeta egin dira Euskadin, eta horrek esan nahi du Osakidetzak gaur egun egiten dituen errezeten %97 elektronikoak direla.

   Guztira, 90.000 errezeta elektroniko inguru egiten dira egunean: astelehenetik ostiralera, egunean 100.000 eta 140.000 artean egiten dira, larunbatetako batez bestekoa 40.000 ingurukoa da eta igandeetakoa 6.000koa.

   "Kudeaketa eredu berri honi esker, pertsonen segurtasun klinikoa areagotzen ari gara, baita farmazia zerbitzuko erosotasuna ere. Kudeaketa eta eraginkortasun ekonomikoa hobetzen ari gara eta horrek Euskadiko osasun sistema modernizatu eta jasangarriago egiten du, adierazi du Jon Darpón Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak.

   Errezeta elektronikoak aldaketa kulturala eta soziala ekarri du, eta euskal gizarteak modu positiboan baloratu du, segurtasuna, erosotasuna eta eraginkortasuna areagotu dituela iritzi baitiote herritarrek. 2013ko apirilean hasi zen errezeta elektronikoa zabaltzen eta urte horren amaieran bukatu zen prozesua.

   Eusko Jaurlaritzak egindako inkestaren arabera, herritarren %91k adierazi du errezeta elektronikoak ondo edo oso ondo funtzionatzen duela, eta osasunaren arloko profesionalek bat egin dute balorazio horrekin.